Etsipenak gain hartuta datoz

tuaregenlaguna2011 1457025528099 Basamortukoak | 2015-08-29 20:04

 

   Ez datoz turismoa egitera. Infernu bihurtutako euren sorterrietatik datoz, eskuak hutsik, desesperazioa begietan.

Har dezagun, adibidez, Afrikako Txad estatu handia. Eta handia diot, Txad zentzu askotan delako handia, mundu mailan zazpigarren handiena da errefuxiatu-hartzaile gisa, esaterako.

Gaurko krisiak barrenak ustelduta, nekez dirau bizirik ordea, krisi aurretik ere, biztanleen laurdena giza-laguntzaren beharrean zeukan estatuak.

 

Izan ere, azken asteotan, Txadeko lakuen eskualdeak behea jo du, eta uharteetan bizi ziren 41.000 pertsona inguruk etxeak utzi, eta alde egin behar izan du nahitaez. Gehiegikeria, eta bortizkeria basatien lekuko, eta biktima... deserroturik, noraezean, egoera benetan prekarioari aurre egin ezinik suertatu dira.

Askok, soinean daramatena baino ez dute, eta ez daukate ez ur edangarririk, ez jaki nahikorik, eta hainbat gaixotasunen aurrean arrisku bizian dira.

 

Lehendik ere, urriak ziren baliabide eta bizibideak, itolarrian jarri ditu gaur egungo egoerak (Boko Haram izebergaren punta baino ez dela esango nuke nik). Estutasun egoera larria da, bai desplazatuentzat, eta baita desplazatuak hartzen dituztenentzat ere.

Segurtasun eza medio, landatu berriak zituzten lurrak atzean utzi behar izan ditu nekazari askok. Era berean, Txad, eta Nigeria arteko muga itxi izanak, merkataritza, eta abereen antzinako migrazio ibilbideak oztopatu ditu, eta arrantzaleei ere, bere betiko jardunean aritzeko trabak jarri zaizkie.

 

750.000 desplazatutik gora bizi da egun Txaden, eta gehienak Afrika Erdiko Errepublikatik, Libiatik, Nigeriatik, eta Sudanetik ihes egindako aberriratutako txadarrak dira.

Janari eskasiak bi miloi eta erdi pertsona ingururi eragiten dio, euretariko 350.000, bost urtetik beherako haurrak direlarik. Herriak paludismo, kolera, eta errubeola tasa oso altuak pairatzen ditu, eta amatasunaren ondoriozko heriotza, munduko handienetarikoa da.

 

Eta azen ontzeko, hau gutxi balitz, lehorteek eta uholdeek sarri zigortzen dute Txad estatu handia, zentzu askotan handia dena.

 

Ez, ez datoz gurera turismoa egitera. Etsipenak gain hartuta baino ez datoz.

 

 

 


Utzi iruzkina: