Euskadiko Txapelketa, Zornotza

bigurpil 1456131616907 bi gurpil | 2014-11-19 22:32


2014-07-25, Euskadiko Txapelketa, Zornotza

Euritan iritsi gara Zornotzara:Juanshi laguna, Agur emaztea eta hirurok. Hasteko, aparkatu egin behar, eta, egiari zor, oraintxe jabetu naiz zenbat aldatu, hazi, den Zornotza.

Leioan ikasi nuen nik, eta astero pasatzen ginen Zornotzatik, igande arratsaldean Bilbo alderantz, astelehenean unibertsitatera joateko, eta ostiraletan bueltan. Herriz herri ibili ohi zen busa, bazter guztietan geratuz, ordubete pasatxoan lasai egin zezakeen bidaia ia bi ordura luzatuz. Pentsa, ostiraletan Zornotzara iritsi baino lehenago, bazen busa geratu eta bide kontra zegoen baserri batean aste osorako baserriko ogia hartzen zuen txofer bat. Beste abiadura batean bizi ginen orduan, dudarik ez.

Normala denez, Zornotzan ere egiten zuen geldialditxoa. Herria zeharkatzen zuen kale nagusia eta Arratiarantz zein Gernika alderantz jotzen zuten hiru-launaka kaleek osatzen zuten duela 30 urteko Zornotza. Hortik aparte, baserri-auzoak ziren gehienbat.

Hazi egin da beraz, eta aparkatzeko nahikoa toki egon arren, trafiko-seinaleek, debekuzkoek zein norabide jakin batean joatera derrigortzen gaituztenek, zaildu egin digute lana. Buru gogorra izateak, baina, balio du, eta autoa helmugatik gertu uztea utzi dugu.

Aterkia hartu ez hartu gaude. Zirimiri itxurako lanbroa ari, bustitzeko adinakoa. Oraingoz, hartzea erabaki dugu. Izan ere, oraindik lasterketa hasi arte denbora dugu, ordu erdi pasa kafea hartzeko. Baliteke gero eguraldiak aldatzea, itxura txar-txarrik ez dauka-eta.

Ohiko aurpegiak tabernan, ia asterokoak, baina Euskadiko Txapelketa denez, tarteka ikusten ditugun batzuk ere ageri dira. Izan ere, Euskadiko deitu izanagatik, nafarrak ere hemen dira. Euskal Herriko Txapelketa deitu beharko liokete.

Izen batekin edo bestearekin, lasterketak 109 kilometro izango ditu. Lehen 65 kilometroak lauak dira, platera sartuta eta bizkor egingo dituztenak; bukaerarako Montecalvo utzi dute, bi aldiz igotzeko. Guk irteera eta pare bat aldiz pasatzen ikusiko ditugu Zornotzan bertan, Montecalvoko lehen igoera ikusiko dugu, eta helmuga.

Irteera-lerroan 152 txirrindulari. Irteera neutralizatua izan arren, tentsioa nabari da, tropela handia izateaz gain, hau txapelketa delako. Txifloa entzuteaz bat, neutralizatua lasterketa bihurtu da. Ziztu bizian alde egin dute.

Dagoeneko ateri dago. Aterkia autoan utzi eta lasai itxarongo diegu txirrindulariei. Hiru aldiz ikusi-ez ikusi ditugu pasatzen. Izan ere, dena sartuta pasa dira hiruretan, egurrean eta luze-luze eginda, baina tropelean.

Montecalvorantz jo dugu. Mendatearen erdialdean geratu gara zain, autoa helmugarako norabidean utzita, gero erraz iristeko. Lehen euriak egiten zigun traba; orain, eguzkiak, guk begiratu behar dugun aldetik jotzen du-eta.

Auto-ilada luzearen ondoren 15 lagun inguruko taldetxo bat dator aurrea hartuta. Urrutira ikusten da Unai Orbeak oraintxe jo duela; eta Aritz irten zaio gurpilera. Beste batzuk ere saiatu dira, baina ematen du ezin dutela. Gure paretik horrela pasatu dira, Unai lehenengo, Aritz gertu-gertu, eta harengandik gertu-gertu puskatzen ari den taldetxo bat. Tropelari minututik gorako aldea ateratzen diote.

Ai, horrela iritsiko balira! baina oraindik 40en bat kilometro falta dituzte, eta Montecalvo berriro igo behar dute. Esperantzarik, dena den, ezin galdu!

Urduritasuna, itxaropena, tentsioa, pentsamenduarekinn bultza egiteko gogoa... nahasten zaizkigu helmugara arteko bidaiatxoan, zer gertatzen ari den ez jakitearen ondorio!

Itxaroten ari garela, informazio nahasia helmugan dauden walkietatik; badirudi Unaik eta Aritzek elkarrekin egin dutela mendate gainera arteko bidea, baina bigarren igoera egiten hasi baino lehen atzetik etorritako taldetxo batek harrapatu ei ditu. Jai daukate, bistan da; ihes eginda ibili eta gero, atzetik etorritako taldetxoaren erritmoari eusteko sasoi oso oso ona behar da!

Helmugako zuzengune luzearen hasieran somatzen ditugu dagoeneko txirrindulariak. Talde txiki bat da, baina badirudi norbait metro batzuk hartuta dagoela. Baque taldeko Diego Pérez. Atzamarra ezpainetan zeramala gurutzatu du helmuga-marra, izango zuen zerbait norbaitekin, norbait ixilik utzi beharra! 5-6 segundora Mikel Alonso, Dani Mayora, Gotzon Martin, Jon Gil, eta Unai Orbea. Bejondeiola! Eusteko gai izan da! Aritz, pare bat minutura iritsi den taldetxo batean sartu da, 14. postuan. Oso ondo dago hori ere!!

Txapela Bizkaian! Baina podiumeko beste bi tokiak Gipuzkoara. Guztira 121 txirrindularik bukatu dute gaurkoa. Eskuzabal jokatu dute epaileek, bistan da, jarraitu nahi zuten guztiei utzi diete bukatzen. Atera kontuak, azkenak lehenengoak baino 21 minutu gehiago behar izan ditu. Baina horrek ere badu meritua!!

Aritz pozik dago, baina ez guztiz. Montecalvoren jaitsieran ia ez omen zegoen jaitsierarik, emateko jaitsiera ei zen, eta hor xahutu dituzte indarrak. Bigarren aldiz igotzen hasi baino lehenxeago harrapatu dituztela, eta gero eraso festa ikaragarria izan dela, eman eta erantzun, erantzun eta eman, indartsuenek alde egin duten arte!

 

Argazkiak hemen: https://www.dropbox.com/sh/vlny71h10i57dyq/AADL10PE1umKO0-OxHWNGg0Da?dl=0


Utzi iruzkina: