Txirrindulari amateur onenen topaleku izango da Gorla beste behin

Maite Txintxurreta 2017ko mar. 15a, 13:15

Martxoaren 26an izango da 43. Gorlara igoera (3. Peugeot Etormobil Saria), Lokatza txirrindulari eskolak antolatzen duen probetan garrantzitsuena. Aurtengo nobedadeen artean, luzeagoa izango da ibilbidea, eta lautadan kilometro gehiago izango ditu. Bestetik, lehenengoz Malatu saria jasoko du Gorla gainetik igarotzen lehenak.

Txirrindulariak 10:00etan abiatuko dira San Martin plazatik. Handik Osintxu aldera joko dute, eta Osintxu eta Oñatiko Zubillaga auzoaren arteko zirkuituari bi itzuli emango diote lehenik. "Hasieran lautadako kilometroak gehitu ditugu, gazteendako ona izango delakoan. Bestela, batzuentzat azkarregi heldu behar izaten die Gorlako maldei", azaldu du Ion Unamunok, Lokatzako presidenteak. Hala, aurten 110 kilometro izatetik 125 kilometro izatera pasatu da proba. "Gorlako igoeraren historiako ibilbiderik luzeena izango da", zehaztu du Lokatzako Xabier Arantzetak.

Lautadako bi itzuli horiek egin ostean Bergararan sartuko dira atzera ere, eta bertan Gorlarantz egingo dute lehenengoz. "Txirrindulariak Gorla gainera 11:45ak aldera iritsiko direla espero dugu", dio Arantzetak. Bada, gaina lehenengo zapaltzen duenak Malatu saria jasoko du. Lehenengoz emango dute sari hau, iaz hil zen Joxe Mari Gabilondo Malaturen omenez, urtetan Lokatzari emandako laguntza eskertzeko. "Onddo-saski bat izango da saria. Uste dugu Joxe Mariri gustatuko litzaiokeela", dio Unamunok.

Gorlatik Aizpurutxo aldera jaitsiko dira, eta Urretxu eta Zumarragatik pasatu ostean, Deskargako bide zaharretik sartuko dira berriro ere Antzuola aldera eta hortik Bergarara, segidan Gorla bigarrenez igo eta helmugaratzeko. Helmugaratzea ordu bata inguruan izango dela kalkulatzen dute antolatzaileek.

Momparler memoriala egun berean

23 urtez azpiko txirrindularien proba hau famatua da, eta sarri esan izan da Gorlan garaile direnak profesionaletara igarotzea lortu ohi dutela. Aurtengoan, baina, oztopo bat izango dutela azaldu dute Lokatzakoek. Izan ere, egun berean Valentzian Espainiako Kopako txapelketako proba bat izango da, Momparler memoriala, eta ondorioz, talde batzuek banatu egin beharko dituzte haien txirrindulariak hitzordu batean eta bestean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak