Bergarako Zezenak ganadutegiaren balentria berri bat Chivan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko ira. 1a, 08:30
Bergarako Zezenak ganadutegiko kideak, lagun eta senitartekoekin.

"Sokamuturraren katedrala" den Valentziako Chiva herrian sari bikoitza lortu du bigarren urtez jarraian Bergarako Zezenak ganadutegiak. Zezen onenaren saria –Sardo izan da aurten– eta goizeko lasterketa onenaren saria. "Gauzak mimoz egiten direnean emaitzak datoz; gure atzean dagoen jende guztiarendako ere bada saria", dio Iñigo Almortzak.

Bergarako Zezenak ganadutegiak berriro egin du. "Sokamuturraren katedrala" den Valentziako Chiva herritik bigarrenez jarraian sari bikoitzarekin bueltatu dira Iñigo Almortza eta konpainia, zezen onenaren –aurten Sardo zezena izan da saritua– eta goizeko lasterketa onenaren sariarekin. "Maila oso altua dago; Espainiako zortzi ganadutegi onenak aukeratu dituzte. Gure zezenak ikusgarri aritu dira, eta aurten ere irabazi izanak berresten du ez dela zorte kontua izan, ondo egindako lanaren fruitu dela", azaldu du Almortzak. Goizean lau ganadutegi irteten dira eta arratsaldean beste lau.  

(Argazkia: Bergarako Zezenak ganadutegiko Sindikalista izeneko zezena iazko sokamuturrean)

Itxura, eta bereziki hauspoa

Abuztuaren 19a izan zen lasterketaren egun handia: "Zezenak ukuiluetan deskargatzeko 04:30ean heldu ginenerako jendetza zegoen, eta inongo mozkorrik ez. Han zeudenak zezenengatik zeuden, eta euren artean euskaldun asko. Lau egunetan milaka lagun elkartzen dira Chivan zezenen lasterketez gozatzeko".

Soka zezenaren lepotik lotu beharrean, adarretatik lotzen dute Chivan eta Almortzak azaldu duenez, zezenek bi kilometro eta erdi inguruko lasterketak egiten dituzte: "Euskal Herrian ezagutzen ditugun sokamuturretan zezen bakoitzak 15 edo 20 minutuko saioak egiten ditu eta Chivan zezen bakoitza ordubete inguru aritzen da. Urte asko daramate lasterketa horiek antolatzen eta zezena errespetuz tratatzen".

Etxez etxe lotzen dituzte –bertakoendako ohorea da zezena norberaren etxean lotzea– eta gehien gustatzen zaiena da geldi egotetik abiada bizian irtetea: "Gure zezenak badu esplosibitate hori eta uste dugu horrek eman diola saria". Horrez gain, zezenaren itxura ere hartzen dute kontuan; adar onak izatea, elegantea, presentzia eta ondo zainduta dagoela erakustea.

Eta, gainera, hauspo handikoa izatea: "Hor dago gure sekretua. Bi edo hiru hilabete lehenago zezenak entrenatu egiten ditugu, egun handirako prest egon daitezen". Nekez ahazten den esperientzia da Chivakoa: "Oso gustura daude gurekin eta gu eurekin, ate asko ireki dizkigute. Gauzak mimoz egiten direnean emaitzak datoz; gure atzean dagoen jende guztiarendako ere bada saria".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak