Inoizko danborradarik zaratatsuena espero da San Martin jaietarako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko ira. 1a, 07:00
Iazko helduen danborrada euripean egin zen, 450 bat parte hartzailerekin.

San Martin jaietako helduen danborrada irailaren 15ean irtengo da udal biltegitik (22:30) eta izen-ematea gaur, irailak 1, amaitzen bada ere, orain arteko parte hartzerik altuena izatea espero da; oraingoz 18 taldek eta 550 danbor-jole inguruk eman dute izena. Udalak irailaren 6an emango du egitarauaren berri eta Xaxau konpartsak argitaratu zuen sare sozialetan aurtengo "egitarau herrikoia".

Ate joka dira San Martin jaiak. San Martin Agirre eguna –irailak 16– zapatua izanik, astebete lehenago, irailaren 9an, egingo da feria –hurrengo astean emango ditu Udalak azokaren eta gainerako ekitaldien inguruko xehetasun guztiak, egitarauaren aurkezpenean–. Udalak aurreratu dutenez, baina, gazta lehiaketan 21 postuk hartuko dute parte eta barazkien eta fruten lehiaketan, berriz, 15 postuk.    

Danborrada arautzeko beharra

Azokak hartuko du protagonismoa irailaren 9an. Hala ere, aldez aurretik izena ematea beharrezkoa den ekitaldiak ere badira, eta horren adibide da helduen danborrada.

Udalak, 2016an parte hartu zuten taldeetako zuzendari gehienen adostasunarekin, danborradaren funtzionamendua arautzea erabaki du aurten. Hala, izena emateko azken eguna gaur da, irailak 1. Honako datu hauek eman beharko dira Kultura Zerbitzuan: taldearen izena, taldekide kopurua, taldeak danborra edo barrika joko duen eta taldeko zuzendariaren kontaktua –izen abizenak, telefono zenbakia eta helbide elektronikoa zehaztu behar dira–.

Orain arte 18 taldek eta 550 parte hartzaile inguruk eman dute izena. Entseguak, berriz, irailaren 5ean, 6an, 11n, 12an eta 13an izango dira seminarioko karpan (20:00). Hori bai, talde bakoitzeko zuzendaria irailaren 5ean Musika Eskolan 18:00etan egingo den saiora ere joan beharko da.

Bestalde, taldearen ardura izango da danborradarako banderak lortzea; eta banderaduna, ahal dela, emakume bat eta gizon bat izan beharko da. Izan ere, talde bakoitzak gehienez bi bandera eraman ahal izango ditu.

Euriarekin, ibilbide motza  

Iaz euripean egin zen helduen danborrada eta aurtengora begira zenbait erabaki hartu dira. Eguraldi txarra egiten badu danborrada San Martin plazatik behin bakarrik pasatuko da; bestela birritan pasatuko da.
Hori bai, Udalak pontxo batzuk erosiko ditu eta euria eginez gero parte-hartzaileei banatuko zaizkie. Danborrada bukatutakoan bakoitzak pontxoa bere etxera eramango du, ez da danbor eta makilekin batera entregatuko.

Talo eta odoloste postuak

Irailaren 9ko azokan taloen eta odolosteen postua –Katabixa plazan, Oxirondo ondoan– jartzeko zozketa egin du Udalak: Harrera elkarteak jarriko du taloen postua eta Jardun euskara elkarteak, berriz, odolosteena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak