EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2010/03/06

Ahuntzak hiltzerainoko haizeaz geroztik...

http://nattietan.files.wordpress.com/2009/04/english-bulldog.jpg


garunak urtzerainoko haizerarte. Lazgarri txundigarria izan da haize batetik bestera izan den aldaketa izugarria. Begi bistan dago haizeek menperatu, oinperatu, azpiratu egiten gaituztela. Martxoaren 8an, frantsaizea lagun, elurraren mara-marak iratzarri gintuen Bilbo aldean, 1ºC zela, eta handik astebetera, herriko haizearen firin-farak belarriak zulatu zizkigun arratsaldean 24ºC zirela! Hamaikatxo haize sufritzeko sortuak gara, bai horixe! Basamortu aldean gau eta egunaren arteko hozberoaren gorabeherak arrakalatzen omen ditu bertako harriak. Horren arabera gure gorputzak hilozturik izan behar genituzke honezkero! Emaiozue ukenduren bat azalari, osterantzean bulldog arrazako txakurra baino are zimurtuago egongo gara. Haizeak haize, euskaldun gizakiaren adimenaren begiak argiro antzeman zion joera honi eta atsotitz labur eta jakintsu batean laburbildu zuen gure bizimodua inarrosi eta baldintzatzen duen haizeen gurari zehatz eta jakina:

Iparra bebil eta mendebala bego, hego gero.

Arrotz bati zertan den gure eguraldia azaltzekotan horixe baizik ez genioke esan beharko. Horretantxe azaleratzen da zein den haizearen nondik-norakoa eta eguratsaren bilakaera. Lehenengo eta behin, zenbait egunetan ipar haizea ibiltzen da, euria, elurra eta hotza, alegia, gero, mendebala, are epelagoa eta azkenik gure izterbegi amorratu-porrokatua buru-gaineratzen zaigu, barne-muinetarainoko samina areagotzen diguna, hego haizea. Beraren zikloa amaitzekotan dagoela, ipar-haizearena atzera ere etorriko zaigu. Geroak erranen!



2 Comments:

  • At 18:12, Anonymous patxi lurra said…

    Ahuntzak hiltzeko moduko haxe hauek ez dira ba ahuntzaren eguerdiko doministikua, ez.

    Kortaturen aspaldiko abesti horrek zioen moduan: "Hay algo aquí que va mal...".

     
  • At 17:33, Blogger Kepa Diegez said…

    Kaixo, Patxi!
    Ezin txarrago, bai! Urtzen ari naiz....................!!

     

Argitaratu iruzkina

<< Home

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------