Iaz Beasainen eskutik jasotako lekukoari tinko heldu, eta Usabaldik Plaza Zaharrenaino ohitura osasuntsuen aldarri berdea irudikatu dute, gaur, ehunka herritarrek. Guztira, minbiziaren aurka egiteko.
Haur eta heldu, berdez jantzi dute soina, eta gaixoenganako elkartasuna ere marraztu dute bidean. Behin Plaza Zaharrera iritsita, lekukoa pasatu die Tolosa, Villabona eta Zizurkili; han izango da hurrengo urteko martxa.
Prebentzioari azpimarra egin dio Maider Sierra elkarteko kidean, gakoetan garrantzitsuena baita: "10 minbizia kasutik 7 saihesteko modukoak dira, eta hori helarazi behar zaio gizarteari, ez baitugu uste hainbestekoa denik. Behin gaixotasuna barruan dugula, errazagoa izango da hari aurre egitea, ohitura osasuntsuekin bizi baldin bagara".
Horrela, minbiziari aurrea hartzeko deia belaunaldi guztietara zabaldu nahi izan dute, eta hainbat jarduera antolatu dituzte goizean barrena: piragua, patinajea, sukaldaritza nahiz serigrafia.