Etxeko produktuak kalera ateratzeko eguna izan dute bedaioarrek. Frontoia postuz bete dute eta frontoi inguruan animalien erakusketak jarri dituzte. Denetarik ikus ziteken mahai gainetan, barazkiak, mondejuak, postreak, landareak, gazta, jogurtak, ogia eta artisau lanak besteak beste.
Horiez gain, goizean zehar tailer ezberdinak egin dituzte. Jon Azpiroz azokaren antolatzaileetako batek azaldu duenez, "azoka parte hartzailea" antolatzen saiatu dira. Gazteak erakarri asmoz, tailer ezberdinak antolatu dituzte; adibidez, mondejua nola egin erakutsi dute Zuhaiztibarren baserrikoek, edota jogurta nola egin ikasteko tailerra eskaini da frontoian bertan. Eguerdian, Belanbroko tolarea jarri dute martxan; sagar ekologikoa txikitu dute eta ondoren sagar muztioa dastatzeko aukera izan da. Herriko talogileekin batera, taloa nola egiten den ikusteko aukera ere izan da.
Badu berezitasun bat Bedaioko azokak. Urtero erakus txoko bat jartzen dute garai bateko elementuei lekua eginez. Aurten, garai bateko ordulari eta erlojuekin apaindu dute frontoi ertza.
Goizari jarraipena emanez, Artubi elkartean bazkaltzeko aukera izan dute gerturatu direnek.