«Ziur telebistak ez duela Brasilgo fabela bakar baten irudirik eskainiko»

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko uzt. 24a, 15:00
Iñigo Asensio eta Iñigo Eraso Olinpiar Jokoetara lanera doaz.

Olinpiar Jokoetako burbuilatik irtetea zail suertatuko zaienaren susmoa dute Iñigo Asensio eta Iñigo Eraso tolosarrek. Lanera doaz, euskal kirolariek ozeanoz bestalde egiten dutenaren berri ematera, BAT Basque Team eta ETBrentzat. Baina, nazioarteko hitzordu garrantzitsuenetako bat jarraitzeko aukerak berak baino, grina handiagoa pizten die, lagun bilakatu diren kirolarien balizko loriak txalotu ahal izateak.

Abuztuaren 5ean izango da Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoen irekiera ofiziala, baina zuek askoz ere lehenagotik ari zarete hitzordu horren bueltan lanean.

Iñigo Eraso: Jokoen bueltan aurreko udaz geroztik ari gara, egia esan; orduan jakin genuen aurten Riora joango ginela. Dena den, gu bion eta Olinpiar Jokoen arteko harremana EITBrekin elkarlanean egiten ari garen egitasmoan sortu zen: BAT to Rio 2016 telebista saioan. Emisioa joan den azaroan hasi zen, eta bi aste barru amaituko da, baina iazko udan ekin genion lanari. Horrenbestez, saioaren proiektua eta Riora bertaratzeko proposamena eskutik doaz, nolabait.

Bat Basque Team-eko kirolariak dira saio horietako protagonistak, ezta?

Iñigo Asensio: Olinpiar Jokoetan parte hartzeko aukera duten euskal kirolariak dira protagonista. Jokoetarako txartela lortzen badute, zuzenean BAT Basque Team-en sartzen dira, beraz, ia gauza bera da. Saioan beren istorio txikiak kontatzen ditugu, batez ere, prestakuntzaz eta kirol ibilbideaz haragokoak, ikus-entzuleei kirolarien alde pertsonala erakusteko; bereziagoa izan daitekeen zerbait eskaintzen saiatzen gara. Hori lortzea batzuetan erraza izaten da, kirolariek istorio paralelo txiki horiek kontatzen dizkigutelako. Baina, beste askotan, ez dakizu nondik heldu, eta hor ibiltzen gara, atera nahian. Saioetan ikus daitekeen bezala, jokoetarako txartela lortzeko borrokan jardun duten hainbat kirolarik lortu dute pasatzea. Baina, aldiz, aurreikuspen handiak sortu dituzten beste zenbaitek ez dute posturik eskuratu.

BAT Basque Team izena ezaguna da baina, akaso, ez hainbeste izen horren azpian dagoen egitura. Zer da BAT Basque TEAM?

I.E.: Eusko Jaurlaritzak kirol olinpikoak babesteko sorturiko fundazioa da, BATek olinpiko ez diren zenbait kirol ere babesten dituen arren. Nabarmentzekoa da kirol minoritarioak sustatzeko egitasmoa dela eta, beraz, futbola eta saskibaloia bezalako kirolak ez direla BAT Basque Team-en sartzen. Antzekotasun bat bilatzearren, Espainiako ADOren pareko fundazio bat da.

Urtebeteko lanean kirolari askorekin elkartu zarete. Olinpiar Jokoak beren jomuga nagusia al dira, beste edozein kirol probaren aldean?

I.A.: Bai. Hasteko, eurek ederki esaten duten bezala, Olinpiar Jokoek sortzen duten oihartzuna ez duelako, munduan, beste kirol hitzordu bakar batek ere sortzen. Munduko txapelketan, adibidez, kirolari horiek aurkari berberak izaten dituzte lehian, urtero, baina guztiek beren lau urteko zikloa prestatu dute, olinpiada, laugarren urte horretara gorenean iristeko. Beraz, kirol maila ere altuagoa izaten da, normalean, Olinpiar Jokoetan. Eta, horrekin batera, obsesio puntu hori ere sortzen dute jokoek; lau urtean prestaturiko lehiaketa batean gauzak ondo egin beharra, finean. Eta, ez bakarrik kirol helburuei begira, baita beren diru-laguntzak jokoetako lorpenen araberakoak izango direlako ere, hein handi batean. Bestela esanda, datozen lau urteetan ere kirol hori beren lanbide izatea ahalbidetzen die, askori, jokoek. Txartela lortze hutsak aukera bat bermatzen dien zenbaiti, baina, beste asko jokoetako emaitzen menpe izaten dira. BAT Basque Team-en laguntza akaso jasoko dute, baina Madrilgo Olinpiar Batzordearen babesa izateko emaitza zehatz bat behar izaten dute.

Eta, noski, horrekin guztiarekin batera, Olinpiar Jokoen handitasunak egiten du hitzordua hain berezi: duela bi mende ekindako tradizio baten handitasuna, han kirolari guztiak egotearena,...

Kirolari profesionalak direla diozue, baina, hileroko soldata eskuratzen dute kirolari esker, ala horretan saiatzen dira?

I.E.: Kirolari eskaintzen dioten ordu kopuruari begiratuta, profesionalak dira, erabat. Alde ekonomikoari begiratuta, ordea, nahiko justu dabiltza; %100 eskaintzen diote kirolari, besteak beste, BAT Basque Team-en laguntzari esker.

I.A.: Badira kirolaz harago ere lan egin behar izaten duten kirolari profesionalak, gutxieneko diru-sarrerak bermatzeko. Beste zenbait kasutan, berriz, etorkizunera begirakoa izaten da arazoa: orain justu-justu bizitzeko adina ematen die kirolak, baina, aurrera begira, oinarrizko kotizaziorik ez dute. 15 urte kirolari eskaini, ahal bezala soldata atera, eta kirola uzteko unea iristen denean «Eta, orain, zer egin behar dut nik?», pentsatu izan dute askok. Beraz, hori jakinda, hainbat kirolarik aurretik ere lan egitea erabakitzen dute.

Horren harira, deigarria da kirolari olinpikoen artean dagoen maila akademikoa; lizentziatu, ingeniari, diplomatu eta, oro har, oso ondo prestatutako jendea da. Hori, noski, kirol ibilbidearekin batera egiten dute eta, beharbada, kirol handienetan ez da hain ohikoa.

2012an Londresko Paraolinpiar Jokoetan izan zineten. Nola gogoratzen duzue hango lan esperientzia?

I.E.: Rion egingo dugunak ez dut uste Londreskoarekin zerikusirik izango duenik. Londresera Richard Oriberen dokumentalerako irudiak biltzera joan ginen eta, Riotik, berriz, ETBko nahiz Basque Team-eko albistegietako informazioa eskainiko dugu.

I.A.: Kreditaziorik ere ez genuen izan Londresko jokoetan. Richarden probetarako sarrerak erosi egin genituen, eta bere familia jarraituz ibili ginen. Kasualitatez-edo, Batzorde Olinpikoko kamera batekin sartu ahal izateko txartela lortu genuen egun batean, eta zenbait irudi grabatzera sartu ginen. Kazetarien egunerokotasun hori ez genuen ezagutu, beraz.

Lanpetuago ibiliko zarete, beraz, aurten.

I.E.: Bai, berez bai. Egia esan, bizpahiru minutuko esku-hartzeak egingo ditugu albistegietan, ez gehiago. Baina, lan kargak baino gehiago kezkatzen gaitu hango mugikortasunak. Kontatu digutenaren arabera, hiria oso kaotikoa da, eta zailtasun handiak izango ditugu batetik bestera mugitzeko.

I.A.: Bai, hori da. Azken asteotan kirolariekin eta entrenatzaileekin hitz egin dugu horri buruz eta, diotenez, pasatzen den aste bakoitzeko, Rioko kaosa hazi egiten da: trafikoa, segurtasuna, kalean lapurretak jasan dituzten selekzioak,... «Nora goaz?», pentsatzen dugu, noski, baina ikusi egin behar. Egoitza batetik bestera, gutxienez, bi ordu omen daude kotxez, eta gerta dakiguke, egun berean bi hitzordu bi egoitzatan izatea. Gaizki ibiliko gara, beraz.

I.E.: Garraio publiko zerbitzua nahiko eskasa omen da, eta zenbait linea amaitzeko omen daude. Horren guztiaren menpe ibili beharko dugu.

Politikak, ustelkeriak, kutsadurak nahiz pobreziak, Rio de Janeiroko jokoen inguruko polemika gorpuztu dute. Hara iritsitakoan, zerekin topo egitea espero duzue?

I.A.: Zorionez edo zoritxarrez, uste dut ezin izango dugula hiriko nahiz herrialdeko errealitatea gehiegi ezagutu. Eremu olinpikoan egongo gara, erabat, eta, mugitzen garenean ere, beti proba-eremu olinpikoetara mugitu beharko dugu. Izango ditugun gora-beherekin, uste dut jokoetatik kanpo ikusi ahal izango dugun apur hori ere oso artifiziala izango dela; ez dakit benetako Rio ikusteko aukerarik izango dugun. Batetik, turismorako denborarik izango ez dugulako eta, bestetik, nire ustez, Olinpiar Jokoek hiriak transformatzen dituztelako. Hiri baten errealitate sozio-politikoaren barruan, hilabeteko parentesi bat ezagutuko dugula uste dut.

Akaso errealitate gordin hori ezkutatzen ere saiatuko dira, ezta?

I.A.: Bai, noski. Rio de Janeiro lasaia, indarkeriarik gabea eta pobreziarik gabekoa salduko dute, eta ziur naiz telebistak ez duela Brasilgo fabela bakar baten irudirik eskainiko, nahiz eta herrialdea dualtasun ekonomiko nabarmenean bizi.

Riorako zein jomuga dituzte BAT Basque Team-eko kirolariek? Dominarik eskuratzeko ukerarik badute?

I.E.: Maialen Chorrautena izan daiteke domina eskuratzeko aukera argiena.

I.A.: Pablo Carrera ere bai, eta baita Ander Elosegi ere; bi aldiz laugarren izan da jokoetan, eta hor ibiliko da.

I.E.: Ziur aski piraguismoaren bidetik sor litezke dominarako aukera gehien, bai slalom-ean, bai ur lasaietan.

I.A.: Diploma eskuratzeko aukera Ainhoa Muruak ere izango du, triatloian. Aipatzekoa da, gainera, Euskal Herriko historian laugarren Olinpiar Jokoak egingo dituen lehen kirolaria izango dela. Berarekin batera lehiatzen hasi zirenetatik ia inor ez da kirol profesionalean geratzen, pentsa, 2004ko jokoak izan ziren bere lehenak, Atenasen. Belaunaldiei begira jarrita, bere probako amona litzateke, baina bere unerik gozoenetako batean dago errendimenduari begiratuz gero. Tania Calvo ere diploma eskuratzerik gertu izango da, txirrindularitzan.

I.E.: Eskubaloian edo belar gaineko hockey-ean ere izan daiteke aukerarik.

I.A.: Beste askorentzat, Olinpiar Jokoetan postua eskuratze hutsa garaipen baten parekoa da. Eta, noski, betiko moduan, sorpresaren bat edo beste izango da, espero gabeko diplomaren bat-edo. Ez dugu aipatu, baina Trihas Gebrek ere diploma irabazteko aukera handiak ditu. Oso istorio berezia du emakume honek: etiopiarra da, eta Gobernuz Kanpoko Erakunde baten bitartez Donostiara iritsi, eta donostiar batekin ezkondu zen. Makina bat da, 10.000 metroko proban, proba izarrean, Olinpiar Jokoetako kirol izarrean, atletismoan. Lehen hamarretan sailkatu liteke.

Klima izan daiteke kezka bat kirolarientzat, baina, dena den, Brasilen orain ez daude udan.

I.A.: Ez, klima neutro samarra izango dugu han, gehienez ere 20-26 graduko tenperaturekin.

I.E.: Tenperaturak baino gehiago, hezetasunak sortzen die kezka. Badakit zenbait kirolari azken urtebetean Brasilera bertaratu direla, behin baino gehiagotan, jokoak prestatzeko. Piraguisten kasua da, adibidez, eta lehiatuko diren kanal berberean aritu dira entrenamenduak egiten.

Kirolari horiek guztiek Rioko jokoak aspaldidanik gorriz margotuta izango dituzte, egutegian. Zuentzat ere, Olinpiar Joko batzuk hain gertutik jarraitzea ahaztu ezinezko esperientzia izango da, ezta?

I.A.: Bai. Duela lau urte jokoen inguruko saio bat egiten aritu ginen urtebetez, eta horrek kirolariekin harreman sareak sortzen ditu, ezinbestean; Iñigok, gainera, erabateko harremana du eurekin, Basque Team-entzat bestela ere aritzen delako. Horrez gain, aurten berriro aritu gara, aipatu bezala, kirolari horiekin guztiekin telebista saio horiek grabatzen eta, azkenean, beren historia, entrenatzaileak eta senideak ezagutzen ditugu. Beraz, niri ilusiorik gehien sortzen didana ezagutzen ditugun kirolarien lana jarraitzera joatea da. Lorpenen bat eskuratzen dutenean, poz handia sentitzen dugu, gurekiko beti prest dagoen jendea baita, egiari zor; eta, noski, lana latz egiten dutelako, horra iristeko.

I.E.: Bai. Oso esker oneko kirolariak dira guztiak, ez dira izar sentitzen, nolabait esatearren. Beren etxeetan izan gara, beren familiekin, eta harreman oso pertsonala dugu askorekin, beraz, Rion egiten dutena guk geuk kontatzeko aukera izatea, oso berezia izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!