Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Barazki purea

Barazki purea

Oier Araolaza 2015/09/18 10:11
Porruak, lekak, kalabazina eta tipulak erabili ditugu purea egiteko. Barazki batzuk ortuan jaso berriak dira, baina haiekin batera jarri ditugu iaztik izozkailuan genituenak, eta gainera dendan erositako pure pote bat gehitu diogu. Turmixak egin du sinkretismoa.
Barazki purea

Argazkia: Iñaki Zugasti - Dantzan CC BY-SA

Lagun batek gure festetako eta errituetako ezaugarri kristauak, paganoak eta osagai kultural ateoak bereizteko eskatu dit. Ez du erritu kristaurik ospatu nahi; festetan zer ospatu eta zer baztertu jakin nahi du.

San Joan aipatze hutsak urtikaria eragiten du; orain modakoa udako solstizioa ospatzea da. Eguberrietan Olentzero onartzen da: “jentila zen, aizu!”. Inauteriak superbibentzia paganoak omen dira, beraz fenomeno; inauteri biharamuneko hausterre asteazkena eta garizumak zer diren ez dakigu eta ez dugu jakin nahi. Ez dugu onartu nahi gure festak eta errituak sinkretikoak direla, alegia barazki pureak.

Hezur-mamiraino sartuta dugun pentsamendua da ospatzen ditugun hainbat erritu superbibentzia paganoak —zer nahi delarik horrek esan nahi duena— direla, baztertzeko saiakeran huts egin ondoren kristautasunak bere kerizpean onartu behar izan zituenak. Hipotesi hori XIX. mendean sortu zen eta XX. mendean galtzerdia bailitzan buelta eman zaion arren, zuzenketak ez du zuzenduaren oihartzunik eskuratu, eta topiko faltsua, aurkikuntza berria bailitzan belaunaldiro erosten dugu.

Gaurko antropologo eta erljioaren historialari azkarrenetako batzuk diotenez, erritu paganotzat ditugunak orain 150 urte asmatu ziren. Kristautasunaren aurreko kultu eta erlijio ohiturak nolakoak izan zitezkeen irudikatu nahian, XIX. mendeko Europako herritar kristauen erritualak izan zituzten inspirazio iturri. Garaikide zituzten herritar xeheen kultu eta festa kristauak aztertu zituzten, eta horietan oinarrituta irudikatu zituzten bi mila urte lehenagokoak.

Behin erljio paganoen kultu ohiturak berrasmatuta eta ezagutzera emanda, superbibentziak eta erritu arkaikoen aztarnak zeremonia kristauetan identifikatzea bakarrik etorri zen. Nola ez zuten ba antzekotasunik aurkituko, haietan oinarrituta asmatu baitzituzten ustezko iturriak?

Purea mahaira atera eta hasi dira komeriak. Batek dio porruen hariak ezin dituela irentsi; beste batek kongelatutako jakirik ez duela jan nahi; hirugarrenak dio genetikoki eraldatu gabeko fruitu basatiak bakarrik jango dituela… Ez dakit zer egin, purea zakarrontzira bota ala barazki kremaren dekonstrukzioaz nazioarteko sinposiuma antolatu Donostian 2016an.

Argia astekaria, 2015-09-21

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter