Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Ainhoa Arozena, Sisifo maite minez-i buruz

Ainhoa Arozena, Sisifo maite minez-i buruz

Markos Zapiain 2015/11/17 11:15
Egan, 2003-03

Pertsonaia ezberdinen azalean kokatuta, maitemintze prozesua da Laurak eleberrian kontatzen duena. Beterriko Liburua aldizkarirako egindako elkarrizketan, idazleak berak aitortu zuen azken momentura arte, zalantza izan zuela eleberriaren edo saiakeraren artean, zein genero aukeratu. Eleberria zailagoa izan arren, “gauza zailak egiteko” gaudelako aukeratu omen zuen bide hori eta ez zen, inondik ere, ahaleginean geratu. Ezbairik gabe, istorio indartsuarekin egingo du topo irakurleak liburu hau esku artean hartzean.

Ane da eleberriko pertsonaia nagusia. Emakume ezkondua eta bi alaben ama. Behin, Eunate alabak mina hartu eta ospitalean Mikel medikua ezagutuko du. Bien artean jolas goxoa sortu eta zeharo maitemindu egingo dira. Elkarrekin ihes egitea erabakiko dute bizitza berri baten bila. Anek, bi alabak eta senarra Bilbon utzi eta Mikelekin batera egingo du ihes Managuara. Pasioz betetako maitasun istorio ederra biziko dute hasieran; denbora tarte luze baten ostean, barruak bere familiarengana itzultzeko aginduko dio, ordea.

Eleberria Esteban Mugarra psikoanalistaren kontsultan hasten da. Sei urte eta erdi Ertamerikan igaro ondoren, Ane etxera itzuli da. Alabek ez dute ama ezagutu etxeko atea ireki dienean, senarrak ondo hartu du, lagundu egin nahi dio eta Estebanen kontsultara eraman du. Estebanekin izaten dituen hizketaldiek barnea husten lagunduko diote Aneri; bere sentimenduak azalduko dizkio, ihes egiteko arrazoia zein izan zen bilatzen saiatuko da. Lan luze eta neketsu horretan, Karmelek, Aneren lagunak ere izango du tarterik. Karmele Ane laguntzen saiatuko da, kontsultara lagunduko dio, bere sentimenduak ulertzen ahaleginduko da. Estebanek, Karmelek Aneren kasua argitzen lagun dezakeela uste du, txiki-txikitatik ezagutzen baitute elkar, eta Aneren iraganaz hitz egiteko eskatuko dio. Oso begi onez ikusten du Estebanek Karmele, beste maitemintze prozesu bat jarriko da bidean. Maitasunaren inguruan oso ideia ezberdinak dituzte biek, Estebanek unean unekoa bizi behar dela uste du, Karmelek gauza gehiago hartzen ditu kontuan, mintzeko arriskua ikusita seguruenik. Bien arteko jolasa, jolas soil bat baino zerbait gehiago izango da eleberriaren amaierarako.

Maitasun kontuak alde batera utzita, Aneren jarrera ulertzeko pisuzko arrazoiak azaleratuko dira Estebanen kontsultan. Anek bazuen gazte hil zen ahizpa bat, Amaia. Inbidia zion ahizpari, jeloskor jartzen zuen maitasuna bizitzeko zuen modua ikusteak, ahizparen parean egon nahi izaten zuen beti, hark gogoko zuen mutila maite zuen Anek ere, Txute. Mutilarekin batera droga munduan sartu zen Amaia eta behin sobredosi baten ondorioz hil egin zen. Ahizparen heriotza gertu-gertutik ikusi zuen Anek, eta heriotz horrek izugarrizko eragina izan zuen beragan. Heriotz horren harira, barne-beldurrek bultzatu zuten Ane ihes egitera. Maite zuen norbait galtzeak sortu zion mina berriro bizitzeko indarrik izango ez lukeela jakiteak.

Irakurketa azkarra eskatzen duen liburua da Sisifo maite minez, sentimendu ugari nahasian dakartzana: Maitemina, pasioa, desira, gabezia, antsia, hutsunea, itxaropena eta etsipena, besteak beste.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.