Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Markos Zapiain / Koldobika Ezberdin, Sisifo maite minez-i buruz

Koldobika Ezberdin, Sisifo maite minez-i buruz

Markos Zapiain 2015/11/17 11:15
Putz aldizkarian, 2001-07

Eleberri honetako protagonista, Ane, etxera itzuli da bere familiarekin, adulterioan behin eta berriro erori ondoren. Aurretik, bere senarra eta alabak abandonatu eta sabelpeko grinak asetzera abiatu zen oraindik kristautu gabeko herrialde basa batera: Nikaraguara. Jakina, emakumea zenbat eta edanago, egarriago; zenbat eta usatuago, nahiago. Benetako maitasunaz, elizako aldarean altxorrik preziatuena lohitu barik eskontzeaz, hil arteko maitasunaz… ezertxo ere ez.

Hauxe duzue, labur esanda, bekatuaren apologia sutsua baino ez den orri mordo honen funtsa. Eta idazlea, Laura Mintegi, lasai-lasai geratu da nonbait bere pozoina gure artean barreiatu eta gero. Eta Herri hau, dekadentziaren hondoa jo duen herri hau, lasai-lasai geratu da, zirkinik ere egin gabe, emagalbidearen gorazarretan zirriborraturiko panfleto lirdinga honen aurrean. Non dira gure baloreak? Non dira gure jagole behar luketen agintariak?

Eskerrak Putzek behintzat duintasun minimo bati eusten dion, eta zutabe hau uzten didan ardi galduak onbidean jartzeko.

Laura Mintegik, gaur egungo Maria Magdalena damutu gabeak, lotsagarriro agertzen digu bere burua liburuaren azalean bertan. Ez dago aztia izan beharrik Laura liburuko Ane bera dela jakiteko. Eta begiradan ikusten zaio malezia akaberabakoa, bekatua, eta bekatua, eta bekatua, pentsamendu lizunetarako joera eutsiezina.

Liburuan zehar ez da apenas agertzen haragiaren eta fornizioaren deskribapen gordinik. Gizonezkoak emanagoak dira holakoetara. Baina kontuz, eleberriaren mezu subliminala askoz ere kaltegarriagoa baita mila aldizkari pornografiko baino. Seksu kontuetan hagitzez perilosagoak dira andrazkoak gizonezkoak baino. Ondo begiratu beharra dugu egunak joan egunak etorri beti altan (bai, altan, zakurrak baino okerragoak dira eta) dauden emakumeetatik. Azken finean, holakoen helburua zera izaten baita: gizonezkoei gaina hartzea, gizonak euren meneko egitea, euren gainetik agintzea.

Gizonezkoa sortzez da garbia eta aratza. Emakumea ez, emakumeak jarri zuen galbidean gizona, Bibliako genesian agertzen den legez. Gertatzen dena da gizonezkoa ahul eta ahalke dela emakumearen seksuaren aurrean. Emakumeak tentatu egiten du gizonezkoa: erroparik estu eta motzenak erabiltzen ditu bere haragiaren formak nabarmentzeko, begirada lizunak zuzentzen dizkio, balsamoz eta beste halako usainez erakartzen du gizonezkoa… Eta gizon gajoa, ia oharkabean, andrazkoaren sareetan erortzen da.

Beldurgarria da gure gizartean emakumezkoa bereganatzen ari den boterea. Jada ez dago dagokion lekuan, hots, etxean, familia zaintzen, otorduak gertatzen. Beldugarria da ikustea emakumezkoak etxetik kanpo lanean, tabernetan, gure herrietako udaletxeetan, liburuak idazten (!). Baina are beldugarriagoa deritzot hori aldarrikatzeari, defendatzeari. Gaizki, oso gaizki gabiltzan seinale.

Bere senar zintzoa umiliatu, zapaldu eta zikintzearekin nahikoa ez, eta han abiatzen da Ane, gure Ane koitadua, psikiatra bati dena kontatzera. Eta psikiatrarenera munduan bera bezain galduta dagoen laguna eramaten du gainera, sendagilea nahastera. Jakina, psikiatra ere haragiaren tentaldian erortzen da, Aneren lagunak eta Aneren kontakizun lizunek hartaratuta.

Holako liburuak argitaratzen jarraituz gero, ez dakit bihar-etzi hemen izango garen, zalantza handiak ditut, baina bizirik nagoen bitartean, Jaungoikoaren aurrean zin egiten dut ez dudala etsiko, ez dudala burua makurtuko, eta kartsuki borrokatuko dudala Kristoren bildotsen alde, balore kristauen alde eta Laura Mintegi bezalako emakume deabruen kontra.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Markos Zapiain

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.