Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Israel Galvanen 2015eko Dantzaren Eguneko mezua

Dokumentuaren akzioak

Israel Galvanen 2015eko Dantzaren Eguneko mezua

2015/04/22 12:05
Israel Galvanen 2015eko Dantzaren Eguneko mezua

Israel Galvan

"Ez dakite baina denak dantzan daude!" dio Israel Galvan-ek Dantzaren Nazioarteko Egunerako idatzi duen mezuan. Jendea dantzan ikusten du Galvanek edozein tokitan, "kalean mugitzen daudela, taxi bat eskatzen daudela, forma, estilo eta desitxura ezberdinetan mugituz". Desio bat ere zabaltzeko baliatu du mezua: "eman diezaiogun festari amaiera, dantza dezagun denok batera".

Apirilaren 29an ospatzen da urtero Dantzaren Nazioarteko Eguna, Jean-Georges Noverre ballet modernoaren aitzindariaren jaiotegunaren omenez. Aurten Israel Galvan (Sevilla 1973) flamenko dantzari eta koreografo espainiarrak idatzi du Dantzarren Nazioarteko eguneko mezu ofiziala. Honela dio:

Carmen Amaya, Valeska Gert, Suzushi Hanayagi... sailkatu ezin daitekeen dantza. Nik ezingo nuke hauen dantza estiloa sailkatu... energia sortzen duten turbinatzat ditut nik eta honek koreografiak dantzariaren energian duen eraginean pentsatzera narama. Ziur aski garrantzitsua ez da koreografia, energia bera baizik, honek sortzen duen zurrunbiloa.

Tesla haril bat imajinatzen dut, denak erakarri, izpi sendagarri bat igorri eta gorputzetan metamorfosi bat eragiten duena: Pina Bausch marisorgin bailitza, Raimun Hoghe kakalardo pelotagile bihurtuta, Vicente Escudero intsektu makila eta baita Bruce Lee ehunzango bilakatuta.

Zazpi hilabeteko haurdun zegoen amarekin dantzatu nuen nire lehenengo duoa. Gehiegikeria irudi dezake. Ia beti bakarrik dantzatzen badut ere, "bakardadeen [soledades] dantzari" papera ahantzi arazten didaten mamuek laguntzen didatela irudikatzen dut. Ez zukeen Didi- Hubermanek "de soleares" esan nahi izango.

Txikitan dantza ez nuen gustuko, baina barrenetik modu natural eta errazean ateratzen zitzaidan zerbait zen. Ia modu instintiboan. Denborarekin dantzak sendatzen zuela konturatu nintzen, sendagarri moduan eragiten zidan, horren barnerakoi ez izaten eta jende artera zabaltzen lagundu ninduen. Ebolak gaixotuta zegoen eta dantzak sendatu duen mutiko baten irudiak ikusi ditut. Badakit sineskeria besterik ez dela, baina posible al litzateke?

Gero dantza, nire orduak kontsumitu eta geldi, mugiezin nagoenean ere dantzan egitera naraman obsesio bilakatu da, horrela gauzen errealitatetik urruntzen nauelarik. Ez dakit hau ona, txarra edo beharrezkoa den baina... horrela da. Nire alaba Milenak sofan eserita nire gauzetan pentsatzen, buruari bueltaka geldi nagoenean esaten dit: Aita, ez dantzarik egin.

Izan ere jendea dantzan ikusten dut, kalean mugitzen daudela, taxi bat eskatzen daudela, forma, estilo eta desitxura ezberdinetan mugituz. Denak dantzan daude! Oraindik ez dakite baina denak dantzan daude! Oihu egin nahi nieke: oraindik ez dakien jendea badago! denok dantzan gaude! ari ez direnak zorigaiztoko dira, hilda daude, ez dute sentitzen!

Gustuko dut fusio hitza. Ez marketin hitz bezala ulertuta ordea, marka edo estilo bat saltzeko konfusioa. Hobeto fisioa, nahasketa atomikoa: Juan Belmonteren oinak lurrean iltzatuta, Isadora Duncanen beso hegalariak  eta Jeff Cohenen sabel dardartia The Goonies pelikulan koktel-ontzi batean sartuta. Eta osagai guzti hauekin edari atsegin eta bizi bat egin nahi nuke, goxoa edo mingotsa edo mozkortuko zaituena. Gure tradizioa ere nahasketa bat da, koktel batetik gatoz eta ortodoxoek beren formula sekretua ezkutuan izan nahi dute. Baina ez, arraza eta erlijioak eta kredo politikoak, denak nahasten dira! denak batera dantza egin dezakete! agian ez eskutik, baina bai bata bestearen ondoan.

Antzinako ele zahar txinatar batek honela dio: "Tximeleta baten hegada munduaren beste aldean sentitu daiteke. Euli batek Japonian aireratzen denean tifoi batek Karibeko urak astintzen ditu". Pedro G. Romerok, Sevillana dantzaldi kartsu baten ondoren, dio: Hiroshiman bonba erori zen egun berean NIjinsky-k bere jauzia errepikatzen zuen Austriako baso batean. Eta nik imajinatzen jarraitzen dut: Savion Gloverren zartada batek Mikhail Baryshnikov birarazten du, momentu horretan bertan Kazuo Ono gelditu eta elektrizitatea eragiten dio Maria Muñozi. Honek Vonrad Veidt du buruan eta azkenak Akram Khan bere aldagelan lurrikara eragitera darama: txintxarriak mugitzen zaizkio eta lurra izerdiaren tanta nekatuek bustitzen dute.

Dantzaren Nazioarteko Eguna eta hitz hauek momentu honetan, munduko edozein txokotan dantzan ari den edonori eskaini nahi nizkioke. Baina utzi iezadazue txantxa bat egin eta desio bat eskatzen: dantzari, musikari, produktore, kritiko, programatzaile, eman diezaiogun festari amaiera, dantza dezagun denok batera, dantza daigun bonbazia handian Béjartek egiten zuen bezala, dantza dezagun Ravelen Boleroa, dantza dezagun denok batera.

Israel Galvan, dantzari eta koreografoa.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.