Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Ion Beitia hil da, "Nijinski euskalduna" eta hainbat dantzari handiren maisua

Dokumentuaren akzioak

Ion Beitia hil da, "Nijinski euskalduna" eta hainbat dantzari handiren maisua

2016/05/09 10:50
Ion Beitia hil da, "Nijinski euskalduna" eta hainbat dantzari handiren maisua

Ion Beitia.

Ion Beitia hil da (Gueñes, 1947-Bartzelona, 2016-05-04), euskal dantzari eta dantza-maisua. Olaeta balletekin Ameriketara jo zuen eta han New Yorkeko Joffrey Ballet entzutetsuan hamar urte egin zituen dantzari profesional moduan. Bere hainbat ikasle nazioarteko balletetan arrakastaz aritu eta aritzen dira, besteak beste Asier Uriagereka, Leire Ortueta, Ander Zabala, Mikel Jauregi edo Monica Zamoraren irakasle izan baita. Minbiziak eraman du 69 urterekin, emaztea eta hiru seme-alabak gertu zituela.

Umezurtz, ballet ikasle, Olaetan dantzari

Familia xumean jaio zen, hiru urte zituela aita hil zitzaion, eta Umezurtz-etxean utzi zuen bere familiak. Valentina Grigorieva hungariarrak zuzentzen zuen umezurtz-etxea, Budapesteko Baganova kontserbatorioko zuzendari izana zen emakumea, eta bost urterekin, balleta erakusten hasi zitzaion Beitiari.

Hamabi urterekin ordea, dantza utzi zuen Ion Beitia, eskolan kideak ixeka egin eta jo egiten baitzuten balletean aritzeagatik. Familian oraindik okerrago irizten zioten bere dantza zaletasunari. Aita futbol jokalaria izan zen Vizcaya taldean, osaba eta lehengusuak Athletik-en... Dantzaria izatea maritxu izatea zela erizten zioten familian eta hori uzteko esaten zioten. Beste Billy Elliot bat? Beitiak zioen Billy Elliotena baino okerragoa izan zela berea....

Dantza utzi zuen beraz, baina ez luzerako, bi urteren buruan, hamalau urterekin berriz hasi baitzen, Dindirrin dantza taldearekin hain zuzen ere. Hamabost urterekin etxetik alde egin zuen, eta berak bere burua balleteko dantzaritzat zuenez, Dindirri utzi eta Olaeta balletetan sartu zen. Olaeta Balletek Estatu Batuetan barrenan 1964-1966 bitartean egindako biran parte hartu zuen, hamazazpi urte zituela. Bi urte iraun zituen bira hark, eta bi urteren buruan taldea Euskal Herrira itzuli, baina Ion Beitia New York-en gelditu zen.

Ion Beitia
Ion Beitia. Argazkia: Jordi Alemany.

New Yorken dantzari profesional

New Yorkek liluratuta, bertan lur hartu bere burua dantzan formatzen jarraitu zuen. Eric Brum dantzari danimarkar garrantzitsuaren eskolara joa zuen. Beitiak ez zuen dirurik eskolak ordaintzeko, eta Brum-i agindu zion dirua lortzen zuenean ordainduko ziola. Baina Brum-ek ez zion ezer kobratu nahi izan. Haren eskoletan sendotuta, Joffrey Ballet-ean sartzeko proba egin zuen eta onartu egin zuten.

Joffrey Balletean sartu eta arrapaladan ikasi behar izan zituen dantzari profesionala izateko premiazko guztiak eta lehiakortasunera egin behar izan zen. Baita lortu ere, "Nijinski euskalduna" izendatu baitzuten, errusiar dantzari dohaitsuaren oroimenez. Hamar urte egin zituen hiri handian Ion Beitia, dantzaren goi mailan. Dindirrin eta Olaetan ikasitakoak bere dantzakeran eragina izan zuela uste zuen Beitiak, "euskal dantzaren moldeak eragina" izan zuela bere estiloan, eta bere ikasleek ere "euskal folklorearen arrasto txiki bat badutela". 

Euskal dantza tradizionaletan oinarritutako koreografiak

1974an ezkondu eta lesio larri batetik osatzeko Euskal Herrira itzuli zen. Euskal dantza tradizionalarekin interesatuta, Gure Ohitura dantza taldearekin harremanetan hasi zen. Talde horrekin tokian tokiko dantza tradizionalak ezagutzen aritu zen. Bere nahia dantza hariei tankera komertzialagoa ematea zen, eszenatokira egokituz, errusiar balleten tankeran. Lantzeko inauteriak eta Zuberoako maskaradak oinarri hartuta koreografia berriak prestatu zituen.

Gure Ohitura talde hartako dantzariei buruz aipatzen zuenez, "balletaz ez zekiten ezer, baina gogo handia zuten, benetako dantzariak ziren". Oso dantzari onak zirela eta bestelako hezkuntza jaso izan balute, balleteko dantzariak izan zitezkeela uste zuen Beitiak. Euskal Balleta sortzeko egitasmoa ere aurkeztu zuen Ion Beitiak, baina ez zuen esperotako erantzuna jaso erakunde publikoetatik, eta hutsean geratu zen asmoa.

Izar distiratsuen maisu

1982an berriz etxera itzultzea erabaki zuen. Lesio larria izana zuen, eta osatu arren beldurrez ari zen dantzan, eta erdi-purdiko dantzari izan baino uztea erabaki zuen. Dantza eskola ireki zuen Leioan. Estatu Batuetan hedatua zen Balanchine estiloa aplikatu zuen Ion Beitiak bere irakaskuntzan. Estilo propio duen dantzaria hezten laguntzea bilatzen zuen Balanchinen estiloan oinarrituta garatu zuen bere metodo propioaren bidez.

Arriaga antzokian ekoizten ziren operetarako balletak prestatzeko enkargua egin zion Luis Iturrik, eta besteak beste La Traviata, Il Gignor bruschino, Rigoleta edo Un ballo di Maschera operetako balletak zuzendu zituen. 

Ez dira gutxi, bere seme Jon Beitia Fernandez barne, bere eskolan hezi eta distira egin duten dantzariak. Adibidez, Ion Beitiaren eskolatik ateratakoak dira besteak beste:

Desherriaren atsekabea

Ion Beitiaren eskolatik ateratako 30 dantzari baino gehiagok egin du ibilbide profesionala nazioartean. Bere pena handiena, dantzari horiek guztiak bizi-bidea ateratzeko atzerrira joan beharra eta gero Euskal Herrira ezin itzultzea zen. Euskal Herrian konpainia bat izatea dantzari horiek itzuli ahal izateko litzateke bere ametsa. 

2005ean itxi zuen Leioka eskola. Bartzelonara jo zuen eta han jarraitu du dantza-irakaskuntzan Ion Beitiak. Ion Beitiaren Balleta sortu zuen eta dantzari gazteak hezitzen eta haiekin emanaldiak eskaintzen aritu izan da.