Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Maite Irizar Ituren, Aurtitz eta Zubietako iñauteriak

Dokumentuaren akzioak

Ituren, Aurtitz eta Zubietako iñauteriak

2016/02/11 09:00
Ituren, Aurtitz eta Zubietako iñauteriak

Aurtizko joaldunak. Argazkia: Maite Irizar

Joaren hotsek markatzen dute denbora Ituren, Aurtitz eta Zubietan. Joare hotsak dira udaberriaren iragarle. Urtarrileko azken igandearen osteko astelehen eta asteartean jartzen dituzte joare, ttunturro eta isipuak urtez urte. Iñauteri goiztiarrenak ditugu eta egunik garrantzitsuenak astelehen eta asteartea badira ere, Malerrekako bailaran ostegunez hasten dituzte iñauteri jaiak.

Aurtengoan, iñauteri hauek bertatik bertara ezagutzeko asmoz hurbildu nintzen bertara. Joaldunen irudi eta joareen hotsak erakarrita joan nintzen eta hortaz gain, usadio baten lekukotasuna jasotzeko asmoarekin.

Aurtitz: Inauteriak 2016
Argazkia: Maite Irizar
Iturengo Aurtitz auzoan izan nitzen ni. 100 biztanleko herri izaera duen auzoa da. Bertan, argi ikusi nuen, iñauteriek herri guztia biltzen dutela. Zahar eta gazte denak festarako asmo ta gogoz. Astelehen goizez puskak biltzen herriari egiten dioten biran, generazio ezberdinak elkarrekin ikusteak, kohesio sentsazio sorrarazi zidan. Esaterako, Fermin eta haren seme Xabier eta Ibai eta Iker Berregi anaiak eta hauen lehengusu Andoni bezalako kasuak adierazgarri dira tradizio honen transmizioa emango dela bermatzeko. 

Aurtitztarrek duten herri izaera horretan nabari da, modu berezian bizi dituztela iñauteriak eta haiek esaten duten bezala, urte osoa pasatzen dute Iñauteri garaiaren zai. Aurten 18 joaldun atera dira desfilean eta herrian aurretik egiten den puska biltzean ere gaztetxo eta haurrek ere partehartzen dute. Txikitatik hasten dira partehartzen haurrak eta ondoren denborarekin puskak biltzeaz gain, desfilean ere ateratzen dira.

Iñoiz ikusi gabe nituen, Ituren, Aurtitz eta Zubietako joaldunak eta orain bertan izan ondoren, bizipen eta errealitate ezberdin bat jasotzeko aukera izan dut. Orain baieztatu dezaket, leku batekoa propio den elementu bat tokiz mugitzen denean, zaila dela harekin jatorrizko esentzia eramatea. Gainera Aurtitzen adierazi zidaten, Euskal Herrian barna talde ezberdinak badirela baina ez dutela iñoiz behar bezala egingo, erro ezberdina dutelako.  

Ituren: Inauteriak 2016
Argazkia: Maite Irizar

Joaldunak dira iñauterietako elementurik ezagunena eta erakargarriena, baina ez bakarra. Hartzak eta hartz zaintzaileak ere badute beren egitekoa. Baina bada beste elementu bat, iñauteri hauek berezi egiten dituztenak: Mozorroak. 

Mozorroek ez dute koreografia beharrik, ez dute iñor eta ezer errespetatzen; araurik gabeko espazio batean murgiltzen dira. Aurpegiak estalita, mugak guztiak hautsi eta kalea bereganatzen dute, modu horretan ikuslea bere erosotasunetik ateratzea da helburua.

Mozorroen inguruan zalaparta ziurra da. Motozerrak, goldeak, animali hilak, animali hilen garezurrak…eta eskura etorritako beste edozer zilegi izaten da, mozorroen erreinuak ez baitu legerik.

Egia esan mozorroek errespetua ematen dute, eta festan murgiltzeko norbere burua ere eurenean ipini behar da. Horrela saiatu nintzelako edo, badut anekdotatxo bat. Herriko bi mozorro txiki, argazkiak tarteko lagun egin nituen eta animali baten garezurra oparitu zidaten. Eta nola ez, irudi bukoliko hark eragindako xamurtasuna tarteko, etxera ekarri nuen!!

Aurtitz: Inauteriak 2016 mozorro txikiak
Argazkia: Maite Irizar

Baina ez zen etxera ekarri nuen gauza bakarra izan. Iñauteri berezi hau bertatik bertara ezagutzeko tenoreaz bueltatu naiz eta hurrengo urtean berriro  bueltatzeko gogoz baita.

Azkenik ez nuke nire ekarpen txiki hau eskerrak eman gabe bukatu nahi. Esker mila Aurtitzeko joaldunei, beraien festa gertutik ezagutzeko aukera emateagatik eta bereziki Ibai Berregiri bere prestutasuna erakustearren.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.