Bergarako Udalak udalerriko zarataren kontrako plana landu nahi du. Horretarako, hitzordua jarri du ostegunean, urriaren 5, arratsaldeko 18:00etan Pleno aretoan. Hain zuzen ere, herritarrak batu nahi ditu eta hauekin jaso eta aztertu udalerrian zaratarekin lotutako kezkak, iritziak eta ekarpenak.

Eta ildo antzekoan, irailaren 25ean, Udaleko osoko bilkurak ahobetez onartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamenduak errepideei dagozkien zarataren mapa estrategikoari alegazioak aurkeztea; honako hauek:

-AP-1 errepideak Lizariako -San Lorentzoko- eremuan duen eragina kontuan hartzea eta beharrezkoak izango diren neurri zuzentzaile eraginkorrak ezartzea. Honenbestez, besteak beste, San Martzial tunelaren inguruaren zarata-neurketa zehatzagoa eta zabalagoa egitea eskatzen da.

-Foru Aldundiaren dokumentuak jasotzen ez duen GI-627 errepidearen alboan -Ertzaintzaren pareko zubitik iparraldera- dauden eraikinei eragindako zarataren inguruko azterlana egin eta neurri eraginkorrak ezartzea.

-Dokumentuak jasotzen ez duen GI-232 errepidearen alboan -Zubiaurre kalearen atzealdean nagusiki- dauden eraikinei eragindako zarataren inguruko azterlana egin eta neurri eraginkorrak ezartzea.