Bergarako Udala eta Bedelkar elkartea lankidetza publiko-pribatuaren bidez, "Bergara Bizi" egitasmoa aurrera eramaten ari dira udalerrian azken urteotan. Egitasmo honen helburua da Erakargarritasuna, Adeitasuna eta Hurbiltasuna sendotzea merkataritza sektorearen inguruan. Hala, ekimen eta ekintza horien bitartez, bertako merkataritza erakargarri bihurtu, eta aldi berean, bezeroen leialtasuna bermatu nahi da. Eta azken urteotako ibilbideak argi utzi du komertzio eta erakundeak elkarlanean erronka handiak bete ditzaketela.

Horren baitan 2014tik gaur egunera arte, beste ekintza batzuen artean, punta-puntako moda erakustaldi herrikoiak antolatu dituzte, herritarren aldetik izugarrizko atxikimendua dutenak. Eta urriaren 21erako halako beste hitzordu bat prestatu dute. Moda erakustaldiaren helburuak hauek dira: saltokien produktu eta zerbitzuak jendaurrera ateratzea, udazken neguko denboraldi berriko tendentziak erakustea, udalerria dinamizatzea eta gastu ihesa ekiditea.

Horrekin lotuta, ekimen bateratuak gauzatuz, herriko merkatarien arteko kohesio handia lortzen da; eta herritarrengana arrakastaz hurbiltzea lortzen da, ekitaldiak duen harrera eta erantzuna itzelak direlako.

Urriaren 21eko moda erakustaldiari dagokionez, hona hemen datu esanguratsu batzuk:

-Herriko komertzioek Udazken – Neguko denboraldirako Moda produktuak eskura jarriko dituzte Urriaren 21ean, larunbata, 22:00etan, Bergarako Udal Pilotalekuan.

-Sarrerak salgai izango dira 5 eurotan. Eskuratu ahal izango dira urriaren 17tik aurrera internet bidez ticket.kutxabank.es plataforman edo udaletxeko sarreran 18:00etatik 20:00etara bitartean.

-Guztira 25 komertziok parte hartuko dute. Komertzio bakoitzetik pase bakarrean 4 pertsona izango dira. • 12 arropa denda • 3 oinetako denda • 1 lentzeria • 2 haurren arropa • 1 kirol denda • 3 estetika • 1 optika • 2 ileapaindegi 100 Moda pase izango dira guztira.

Gainera, aurten, berrikuntzak izango dira:

-Goiena Telebistak zuzenean emitituko du moda erakustaldia.

-Elbarrituek telefonoz egin ahal izango dute sarreren erreserba (bi gehienez) eta egunean bertan eskuratuko dute takillan. Horretarako, 943 779159 telefono zenbakira deitu beharko dute.

Babestu eta indartu dezagun bertakoa. Komertzio eta zerbitzurik gabeko herriek ez dute bizitzarik! Bergaran Bizi, herrian erosi, denok irabazi!