Goienagusik gaur Arrasaten eman dio hasiera 2017-2018 ikasturteari. Elkarteak 138 kide ditu dagoeneko eta, asmoa da hitzaldiak Arrasaten eta Bergaran egiteaz gain, bailarako beste herri batzuetara ere zabaltzea. Gaurko ikasturtearen hasiera ofiziala Arrasateko Kulturaten egin dute, jendez lepo zegoela, eta Gizarte Politiketako sailburuorde Lide Amilibia, Arrasateko Udaleko alkate Maria Ubarretxena eta Bergarako alkate Elena Lete izan dira hizlari.

Goienagusi Debagoieneko pertsonei irekita dagoen elkartea da eta 2011n sortu zuten helburu hauekin: hainbat arlotako ezagutza handiagotzeko, gaitasun intelektualak trebatzeko edota aisialdiaz gozatzeko. Aurreko ikasturtean bezala, oraingoan ere eskolak astelehenetan eta eguaztenetan izango dituzte goizeko 10:00etatik 12:15etara. Eta ohi bezala, hizlari adituek hartuko dute parte. Saio horietan, historiaz, arteaz, zuzenbideaz, musikaz edota ekonomiaz jardungo dira, besteak beste. Gainera, hainbat ekitaldi musikaletara joango dira eta bestelako irteera kultural batzuk ere egingo dituzte.