Aurtengo edizioan are eta bidelagun gehiago batu dira ekimenera, eta ekimen honek jada Debagoienetik salto egin du. Oihartzuna izan du Euskal Herriko hedabide askotan, eta Euskal Herri mailako eta Espainiako Estatuan zientzian eta berrikuntzan erreferente diren hainbat erakunde eta eragile alboan izan dira. Eta elkarlan horrek guztiak oso emaitza esanguratsuak eman ditu. Horien artean, ezin aipatu gabe utzi jardunaldiei hasiera eta bukaera emateko ardura hartu duen Jakiunde. Eta, baita ere, bere ateak zabaldu dizkigun Donostia International Physics Center erreferentziazko gunea. Horiei guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu.

Jardunaldietako ekintzatan parte-hartzea oso altua izan da, salbuespen bakanen batekin; eta aurten ere ikusle eta entzuleek jakinmin eta interes handia erakutsi dute, galderak eginez eta parte hartuz. Herritarrekin jarraituta, nabarmentzekoa da, baita ere, hainbat herritarrek jardunaldietarako propio hartzen dute lana, beraien jakinduria eta ezagutza zabalduz. Horiei ere eskerrik beroenak.

Aurtengo aldaketei dagokionez, apustu erabakigarria izan da gazteei zuzendutako erakusketa eta tailerretako batzuk eskola orduetara bideratzea, emaitza are eta hobeak eman dituelako.

Eta gazteen esparrua alboratu gabe, nabarmentzea baita ere Wolfram Encounterrak urtez urte gero eta harrera hobea izaten duela. Aurtengo edizioan iazko parte-hartzea bikoiztu egin da, 100 pertsonetik gora parte hartu dute.

Era berean, aurten jardunaldietan emakumearen presentzia are eta gehiago indartu da. Hala, emakumeek hainbat hitzaldi gidatu dituzte; Emakunderekin eta .eus Fundazioarekin batera ‘Non dago emakumea ingurune digitalean’ mahaingurua antolatu da; eta ekitaldi guztietan emakumeek pisu nabarmena izan dute. Modu horretan, emakumeek zientzia, berrikuntza eta teknologia alorretan egiten duten lana ere ikustarazi nahi izan da.