Haizete indartsuaren abisuaren ondorioz, Bergarako Udalak itxi egin ditu parke guztiak. Horien artean momentuz salbuespena da Santa Ana parkea: momentuz zabalik dago Boluko igogailuetara pasoa ez oztopatzeko, baina bazkal ordutik aurrera igogailua eta parkea, biak, itxiko dira segurtasunagatik. Era berean, garabiak eta andamioak dauden eraikuntzetako arduradunei ohartarazi zaie beharrezkoak diren neurriak hartzeko. Udaltzaingoak eta udal brigadak prebentzio lanean dihardute, uneoro zuhaitzetako arramen eta hiri mobiliarioaren egoera ikuskatzen.

Laboratorium museoan gaur goizerako antolatutako bisita gidatua –ipuin kontalariarekin- bertan behera gelditu da, segurtasunagatik parkea itxi egin behar izan dutelako. Hurrengo emanaldia urtarrilaren 3an izango da (11:30) eta interesatuek aurretik izena eman beharko dute.