Herritarren bizi kalitatea, ongizatea eta herritarren beharrei erantzungo dieten aurrekontuak aurkeztu ditu Udal Gobernuak. Legealdiko konpromisoei helduz landutako aurrekontuak dira, herri eroso eta atseginago bat eraikitzen jarraitzea lehenesten dutenak.  

Era berean, udal barruan aurten 2018rako Aurrekontuak Zabaltzen prozesua ere martxan jarri da. Horren bitartez, udal langile guztiek beraiei dagozkien alorretan duten ezagutza sakonarekin aurrekonturako proposamenak egin dituzte. Asmo, agindu eta ekarpen horiek guztiak jasota eta batuta osatu du Udal Gobernuak 2018rako Udal aurrekontuen proposamena.

Laburbilduz, 2018koa aurrekontu espansiboa izango da: Gastua %11 igoko da, 2,5 milioi euro. Eta Inbertsio errealak 3 milioitik 5,2 milioira pasako dira, %71ko igoerarekin. Guztira 24.857.039,70 euroko aurrekontua.

2018ko udal aurrekontuaren erronka nagusiena Seminario azpian parkinga egitea izango da, zalantzarik gabe herritarren kezka nagusienetako bat baita herriak duen aparkaleku falta. Horrela jakinarazi du herriak era desberdinetan eta horregatik Udalak arazoari erantzuna emango dio.

Aurrekontuetan 1.400.000euroko partida zehaztu da Seminario azpiko parkingaren proiektua garatu ahal izateko eta horietatik 1.120.000 euroko kreditua eskatuko da. Zuhurtziaz jokatuz, Udalak dagoeneko plan ekonomiko finantzieroa egin du (nahiz eta legeak ez behartu egitera 2018ko amaiera arte).

Herritarrei bideratutako zerbitzu arloarekin lotuta, Udalean arreta zerbitzua ipintzeko proiektua martxan jarriko da eta lehen pausoak emango dira. Horren bitartez, udal zerbitzuak herritarrei mahai bakar baten erantzuna eman ahal izatea ahalbideratuko da (50.000 euro).

2016an hasi zen parte-hartze prozesuarekin jarraituko da 2018ko aurrekontuetan 150.000 euro bideratuko ditu beste proiektua garatzeko; udako igerilekuetako ekipamendua hobetzeko eta aforoarekin dagoen arazoari konponbidea emateko. Herritarren ongizateari begira proiektu esanguratsuak martxan jarriko dira. Aipatutako proiektuek herriko eremu ezberdinen eraldaketa ekarriko dute eta erosotasuna eta irisgarritasuna hobetzea izango dute helburu. Esaterako, Miguel Altuna berrirako bidea, herriarekin loturarako proiektua burutu eta ejekutatuko da datorren ikasturterako (250.000 euro). Bestalde, Udalak, Boluko lurjausiaren eremuaren konponketarako 370.000 euro bideratuz, nahiz eta Udalaren jabetzakoa ez izan.

Horrez gain, herriko hainbat auzotan ere berrikuntzak burutuko dira, eta Bidekurutzetako espaloia, Martoko gaiña eta herriko hainbat puntutako markesinak ere aldatuko dira.

Lehenengo sektorera begira eta sektorearen hobekuntzak azokarekin daukan lotura kontuan hartuta azoka indartuko da, hainbat ekintza bideratu eta azokaren hobekuntza bermatzeko proiektu bat garatuz (20.000 euro).

Pertsonen ongizateari lotuta, nabarmendu behar da iazko aurrekontuaren neurria mantendu egiten dela, baina aurrekontu berdin horretan programa berri batzuk martxan ipiniko direla: Gizarte Zerbitzuetako Kartera garatzen joateko bi zerbitzu berri eskainiko dira: alde batetik honekin adin txikiko babeserako programa indartuko da; eta, bestalde, bazterkeriaren arriskuan dauden pertsonei zuzendutako zerbitzua eskaintzen hasiko da Udala.

Bestalde, Inguru Fisikoa eta Informazioaren Irisgarritasuna Sustatzeko 2018an entzumen urritasuna duten pertsonei zuzendutako zerbitzua eskainiko da, Bergarako Udalak horiekin dauzkan harremanetan itzultzaile zerbitzua izango da eta Udaleko hainbat komunikazioetan ere zeinuen hizkuntzaren itzultzailea izango da.

Era berean, Kirola, Kultura eta Euskarari loturiko legealdiko egitasmoak ere indartuko dira. Kultura arloan, Seminarixoko ekipamendua aberasten jarraituko da eta irailerako zinema izatea aurreikusten da (80.000euro), martxan dauden jarduerak aberastearekin bat.

Horrez gain, Arrizuriaga Jauregia eta jardina berreskuratzeko proiektuarekin hasiko da Udala (1.111.000 euro hauetatik, 900.000 euro Espainiako Sustapen edo Fomento ministeritzatik jasotzea espero den diru-laguntzarekin baldintzatuta). Euskararen erabilera indartze aldera Euskaraldiaren proiektua jarriko da martxan. Eta Kirolaren atalean, ur jolasez gain, Labegaraietako proiektua burutuko da, aisialdi eta kirol gunea eraberritu eta handitzeko proiektu erakargarri bat garatuko da.

Hortaz, laburbilduz, aurrekontu zuhur baina ausart hauekin Udalak erantzun nahi die bergararrek askotan aditzera eman dituzten parking eta igerilekuen eskaerei eta baita ere aipatutako beste proiektuei.

Hauek dira atzo oposizioari Udal gobernuak aurkeztu zizkion aurrekontuen lerro nagusienak eta orain elkarlanean hasteko hilabeteko epea zabalduko da, urtarrilak 29ko plenoan onartuko baitira. Ondoren, Udal aurrekontuko partida guztiak Udal webgunean zintzilikatuko dira Excel formatuan, edozeinek aztertu ditzan. Udal gobernua urtez urte ahalegintzen ari da herritar guztiontzat hain garrantzitsuak diren datu eta partida hauen azalpenak errazten eta sinplifikatzen.