Udalak lanean dihardu epe ertainean Bergaran Herritarren Arreta Zerbitzua (HAZ) martxan jartzeko. Zerbitzu berri horrek bi helburu nagusi izango ditu: batetik, herritarrei begira horien Udalerako sarbidea erraztea eta, ondorioz, herritarren eta Udalaren arteko komunikazioa eta harremana erraztea. Eta, bestetik, Udal barruko administrazio prozedurak berrikustea eta arintzea.

Martxoko Udaleko osoko bilkuran onartu zen zerbitzu hori jartzea, eta hala dihardute enpresa batekin batera hori guztia lantzen Udaleko hainbat teknikari eta gobernua. Testuinguru horretan, beste udalerri batzuetako herritarren arreta zerbitzuak bisitatu dituzte bere horretan ezagutzeko: Ermua, Legazpi… Azkenekoz, Legazpiko HAZ bulegoa ikusten egon zen Udaleko talde bat. Han, Koldobike Olabide alkateak eta bi langilek eman zizkieten azalpenak. Epe laburrean beste bi bisita egingo dituzte Udaleko ordezkariek.