Udalak lanean jarraitzen du herritarren arreta zerbitzuaren oinarriak jartzen. Aspaldiko asmo bati jarraituz, aurten Udaleko hainbat departamendu buru-belarri jarri dira, enpresa batekin batera, beharrak zehaztu eta pausoak emateko.

Lehenik eta behin, Udalak halako zerbitzu bat martxan jartzeko proiektua aurrera eramateko erabaki formala hartu zuen. Horren ostean, beste udalerri batzuetako herritarren arreta zerbitzuetara bisitak egin dira, beste esperientzia batzuk aztertu eta Bergarako beharrekin kontrastatzeko.

Lanketa horri esker, zerbitzu horren ordenantza idatzi da; dagoeneko alderdi guztiekin partekatu da eta maiatzaren 28an Udaleko osoko bilkurara eramango da. Behin han onartzen bada, GAOn argitaratuko da eta 30 egun izango dira alegazioak aurkezteko. Herritarren arreta zerbitzu berriari esker, udalak leihatila bakarra izango du. Herritarrei tramiteetarako bidea erraztuz eta egitekoak sinplifikatuz, azken finean, arinduz.

Laster 100dik gora tramite on line

Udal izapide edo tramiteen esku-liburua ere prestatu da. Prozesu honekin ekin baino lehen -eta gaur egun ere oraindik horrela da- Udalak bere webgunean 30 bat tramiteri buruzko informazioa eskaintzen du eta horietako batzuk on-line egiteko aukera ere bada. Momentu honetan, baina, eskuliburu honetan 140 inguru dira landu eta onartu direnak, eta plataforma etengabe eratzen eta elikatzen joango da, berriak sartuz edo/eta daudenak hobetuz eta eguneratuz. Esku-liburu hau arreta zerbitzuaren oinarri eta eguneroko tresna izango da; herritarren eskura Udalaren webgunean jarriko dena.

Gardentasuna eta aukera berdinak

Horretarako, Udalak tramiteen informaziorako plataforma eguneratu eta bateratu du; izapide guztien informazioa modu estandarizatuan jarrita. Halaber, argitaratutako informazio guztia eguneratua izango da, gehitzen eta hobetzen joango da. Honekin administrazioarentzat pil-pilean dagoen eta Udal honek ezinbestekotzat jotzen duen gardentasun printzipioa indartzea lortzen da, herritar guztientzat prozedura eta informaziorako aukera berdinak izanik, besteak beste.

Proiektua aurrera doa eta hurrengo erronkak herritarren arreta zerbitzurako espazio fisikoa aukeratu eta diseinatzea; eta hango langilegoaren inguruko erabakiak hartzea izango da.

Asmoa da 2019an herritarren arreta zerbitzua martxan egotea.