Udalak, eta elkarlanean eragile eta herritar askok, finkatu dituzte 2019tik 2022ra Bergaran euskara indartzeko ezinbestekoak izango diren lerroak. Pauso garrantzitsuak ematen gabiltza herrian esparru askotan, baina ezin dugu atzerapausorik egin.

Udalari dagokionez euskaraz dihardugu lanean, eredu izatea dagokigu, eta bide horretan pausoak ematen jarraituko dugu. Baina argi utzi nahi dugu herria euskalduntzea ez dagoela bakarrik Udalaren esku; hala, orain ikusi ahal izango dugun ikus-entzunezkoan adierazten den bezalaxe denon ilusioa eta denon konpromisoa ezinbestekoak dira. Hemen dauden herritarrak dira horren adibide.

Eta herritar gehiago batzeko asmoz, Euskara Planaren lerro nagusiak azaltzen dituen dokumentu erakargarri eta grafiko bat etxez etxe banatuko da astean; eta hainbat protagonistekin ikus-entzunezko bat egin da, sare sozialetan zabalduko dena.

EAEko Udal Legeak (2/2016 LEGEA, apirilaren 7koa, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa) udalerrian euskararen normalizazioa planifikatzeko eta ezagutza eta erabilera bultzatzeko eskumena ematen die udalei.

Baina Bergarako Udalaren hizkuntza normalkuntzarekiko konpromisoa askoz lehenagokoa da. 1986an sortu zuen Euskara Zerbitzua, eta, harrez gero, euskara normalizatzeko lan zabala egin du herriko beste eragile batzuekin batera.

Azken hamarkadetan 4-5 urteko plan estrategikoak diseinatu izan dira eta gaur 2019-2022 epean bideratu nahi den plana aurkeztu nahi dizuegu. Hainbat herritar eta entitateren partaidetzarekin landutakoa da eta 2018ko abenduaren 17an onartu zuen Udalbatzak.

Plana herritar guztiekin konpartitu nahi da, azalean jasotzen den moduan, sinisten dugulako euskara herritar guztien kontua dela, “denon ilusioa eta denon eginkizuna” dela.

Egoera: euskara une garrantzitsu batean

Ahulgune eta indarguneak dituen egoera da momentu honetakoa. Alde batetik, azken urteetan kaleko erabileran izandako igoera moteldu egin da, baina, bestetik, guraso-gazteen etxeko erabileran igoera nabarmena izan da. Herrian jauzi kualitatibo garrantzitsu bat emateko aukeran dago euskara, baina baita geldialdi arriskutsu batean murgiltzeko ere.

Planaren helburu nagusia Euskara Bergarako ohiko hizkuntza izatea da, Bergara euskararen arnasgune izatea.

Horretarako, besteak beste, honako oinarri nagusiak dituen plana moldatu da: plan integrala izatea, herri mailan lantzekoak izan litezkeen esparru guztiak kontuan hartuko dituena; plan bizia eta parte hartzailea izatea; udalerriz gaindiko elkarlana ere bultzatuko duen plana izatea, bai bailara mailan, UEMAko herrien mailan zein nazio mailan...

Ildo horretatik, esan bezala, planak gizarteko arlo gehienetarako dozenaka programa eta proiektu jasotzen ditu: familia, lagunartea, esparru soziokulturalak (kirola, kultura, aisia...), sozio-ekonomia (enpresak, merkataritza...), hedabideak eta teknologia berriak..

Lehentasunei dagokienez, berriz, erabilera indartzea da lehentasuna, erabilera bera baita gaitasuna hobetzeko bide ere. Zentzu horretan ekimen garrantzitsua izango da aurrerantzean ere Euskaraldia.

Adin-tarteei dagokienez gazteak eta gazteekin harremana duten helduak dira lehentasun, eta jarduera-motei dagokienez, eguneroko bizitzan denbora gehien hartzen diguten jardueretan jarri nahi dira indarrak eta, bereziki, bizipen positiboekin kontuetan. Bide horretatik, orain arte baino pisu handiagoa eskainiko zaio lan munduari baina mundu ludikoa (aisia, kirola, kultura...) ere arreta bereziz zainduz.

Bi euskarri

Plana herritarrei zabaltzeko bi euskarri argitaratu dira: herriko etxeetara banatuko den liburuxka eta ikus-entzunezko bat. Liburuxkak planaren laburpena jasotzen du, eta azken aurreko orrialdean edozein herritar edo entitatek dituen aukerak azaltzen dira: euskara ikasteko, ahoz zein idatziz erabiltzeko, edo beste mota bateko aholkularitza jasotzeko. Etxe guztietara banatuko da eta gaztelaniazko bertsioa webgunean kontsultatu ahal izango da. Bideoak euskara sustatzearen inguruko bizipenak azaltzen dituzten 16 herritarren testigantzak jasotzen ditu.

Udalak eskerrak eman nahi dizkie bai bere momentuan plana diseinatzen parte hartu zutenei eta baita orain ikusentzunezkoan parte hartzeko prestutasuna azaldu dutenei. Eta baita gaur egun hainbat programatan, askotan boluntario gida, parte hartzen dutenei ere.

Euskara Sustatzeko Ekintza Plana 2019-2022 laburpena: euskara_plana.pdf

Eranskinak: 
Arloa: