Goiauzora bidean aparkalekuak eta oinezko bidea egiteko lanak hasi dira. Construcciones Artzamendi SA enpresa esleitu du Udalak eta lanek 79.483 euroko (BEZ barne) aurrekontua dute.

2007an Leder enpresak Goiauzoko bidearen zirkulazioaren azterketa egin zuen. Azterketa horrek ondorioztatu zuen oinezkoendako bide seguru bat egiteko ordura arteko aparkalekuak moldatu egin behar zirela.

Hortaz, Udalak lanak esleitu dizkio Construcciones Artzamendi SA enpresari; eta honen eginbeharra izango da: igoerako eskuma aldean aparkalekurako 16 plaza kenduko dira, eta bertatik oinezkoen bide segurua jarriko da. Oinezko bide horrek bi metroko zabalera izango du; horrez gain, sei farola jarriko dira. Asfaltutako eremua handituko da eta 39 aparkaleku plaza egingo dira baterian.