Debagoieneko Kirol Sarien (DKS) helburua da Debagoienean kirol esparruan lanean diharduten pertsona eta erakundeak saritzea eta errekonozitzea publikoki, bai kirolariak, bai kirol taldeak eta baita eragileak ere.

Debagoieneko Mankomunitateak antolatzen du DKS eta ekimenera batzen dira Udalak. Aurten Bergaran ospatuko da Seminarixoan, urtarrilaren 28an, 19:00etan.

“Debagoieneko Mankomunitateak egin zion proposamena Bergarako Udalari Debagoieneko Kirol Sarien ekitaldia Bergaran egiteko, eta guk begi onez hartu genuen gonbidapena. Garrantzitsua iruditzen zaigu kirolean jardun zein kirolaren alde lanean dihardunetenei kirolari, elkarte, gizabanako eta eragileei eskertza egitea. Gainera, pozik gaude hainbat bergarar izango ditugulako finalisten artean. Kirolariek aurten ere sekulako maila dutela erakutsi dute, baina eurak nabarmentzearekin batera laguntzaileen, boluntarioen, eragileen… lana ere errekonozituko da hemen”, azaldu du Bergarako alkate Gorka Artolak.

“Hastapenetatik bailara ikuspuntua izan dute Debagoieneko Kirol Sariek, eta kirol arloan, bailarako jendea nabarmentzea positiboa dela ikusita hasi ziren iaz Mankomunitateko ordezkariak berriro ere honekin lanean. Iazko aurkezpenean nabarmendu zen helburua ez zela DKS beste urtebetez bakarrik antolatzea, jarraipena eman gura zaio ekimen honi, eta aurtengoa antolatu izanak berresten du ideia hori. Mankomunitateak Debagoieneko herriak batzen ditu, eta kirolaz harago hainbat proiektu ditugu elkarrekin. Bada, positiboa da ikustea kirol arloan ere zelan hasi diren inguruko klubak sinergiak batzen, indarra pilatzen”, azaldu du Mankomunitateko kirol zuzendari Garazi Larreak.

Urtarrilaren 28an, 19:00etan hasita Seminarixoan sari hauek emango dira:

▪ Udal sariak. Bederatzi izango dira guztira. Debagoieneko Udal bakoitzak herriko kirol talde, kirolari edo eragile bat sarituko du. Udalen euren ardura izan da saritu hori aukeratzea.

• Herritarren Saria. Herritarrek emango dute sari hau, eta 10 finalista daude. Gaur aurkeztu dituzte hamar hautagai hauek (atxikita euren informazioa eta material grafikoa wetransfer bidez). Goiena.eus atarian eman ahal izango da botoa, gaurtik hasita. Hamar hautagai hauek, eta gainontzeko sariak kazetariz eta kirol teknikariz osatutako epaimahaiak aukeratu ditu.

• 2019ko kirolaririk onena.

• 2019ko kirol talderik onena.

• Sari berezia.

• Kirol ibilbidearen saria.

Urtarrilaren 9an, Udalek erabakitako sarien berri emango da. Eta urtarrilaren 16an, Kirolaririk onenaren Sarirako 3 finalisten berri, eta baita kirol taldearena ere.

Herritarren sarirako 10 hautagaiak: Eman botoa hemen.

• Aitor Zabaleta. Bergara. Bergarako pilotu beteranoak urteak daramatza Euskadiko Mendiko Sarian monoplazen kategorian erreferente izaten. Aurten Opakuan, Gorlan, Aian, Gatzagan, eta Urrakin irabazi du. Albistea izan zen Udanan bigarren sailkatu izana.


• Beñat Rezusta. Bergara. Bergarakoa egun dagoen atzelari sendoenetakoa da elite mailako pilotan. 2017an Iker Irribarriarekin batera jantzi zuen Eskuz Binakako txapela, eta 2019an balentria errepikatu du, oraingoan Elezkano ondoan zuela. Hain zuzen, urtebete lehenago bikote hori txapeldunorde izan zen torneo berean. 


• Mikel Aristi. Bergara. Bergarakoak ez du urte erraza izan Euskadi Murias taldearen desagerpenaren mamuarekin egin behar izan diolako denboraldiari aurre. Aurrerapauso bat emateko eskatu zion Jon Odriozola zuzendariak, eta bereziki abuztuan eman zuen pauso hori, Portugalgo Itzulian etapa bat eta Limousingo Tourrean beste etapa bat irabazita. Lan horri esker Euskadi Fundazioak fitxatu du. 


• Mikel Linazisoro. Bergara. 23 urtez azpiko eskalatzailea bada ere lehenengoa izan da Espainiako Boulder txapelketa absolutuan, eta lehenengoa Overall kategorian. Bigarren izan da Europako Boulderreko Kopan. Munduko Kopan, Chamonixen, finalerdietara sailkatu zen (absolutuan) eta finalerdietara sailkatu zen, baita ere, Brianconen egindako zailtasuneko Munduko Kopan. 


• Aitor Ugarte. Aramaio. Gazte mailako mendi lasterkari aramaioarrak sekulako emaitzak lortu ditu aurten, Espainiako kopako probak irabazita, eta baita Espainiako kilometro bertikaleko txapelketa ere. Hala, abuztuan Italian jokatutako Munduko Txapelketara sailkatu zen, eta han ere irabazi egin zuen; horrenbestez, Munduko Txapelduna da gazte mailan. 


• Oihana Kortazar. Elgeta. Urte eta erdi min hartuta egon eta gero elgetarra mendiko lasterketetara bueltatu da, eta maila oso onean, gainera. Euskal Herrian hamaika lasterketa irabazi ditu, baina Zegama Aizkorri moduko nazioarteko proba batean bosgarren sailkatu izanak –euskal emakume onena izan zen– berresten du puntako mailan dela ostera ere.


• Oihana Aldai. Aretxabaleta. Zaragozatik fitxatu zuen Realak eta apustu handia izan zen Aretxabaletako atezainarendako, bazekielako Espainiako selekzioan erreferente den Mariasun Quiñonesekin batera borrokatu beharko zuela titular izateko. Gutxi jokatu badu ere bere ekarpena egin du Erreginaren Kopa irabazi berri duen Realean. 


• Uxue Oses eta Maddalen Etxegarai. Oñati. Oñatiko pilotariak Emakume Master Cup txapelketaren finalera iritsi ziren promozio mailan, eta herritarrez betetako harmailak lagun, finalean askoz nagusiagoak ziren pilotariak menderatu zituzten, txapelak Oñatira ekarrita.


• Garazi Estebez. Aretxabaleta. Gazte mailako txirrindularia. Pistan, Bioracer Torneoa irabazi zuen, Espainiako Kopako hainbat probatan podiumean izan zen, eta Valentzian irabazi egin zuen. Europako Txapelketan zortzigarren izan zen. Eta errepidean, Tolosan irabazi zuen, Dos Hermanasen, Ugaon, Lakuntzan eta Agurainen. Eta, besteak beste Arabako Itzulian hirugarren izan zen. Gipuzkoako federazioak etorkizuneko promesa Saria eman berri dio.


• Maialen Axpe. Arrasate. Iazko DKSko irabazlea. Espainiako pista estaliko txapelketa irabazi eta gero –4,50eko markarekin– Europako Txapelketa absolutuan lehiatu zen, Glasgown. Han ez zen finalera sailkatu (4,25), eta gogoan izango dozue, hilabete gutxira, ezin izan zuela Estocolmon egindako Diamond Leaguen esku hartu, Iberiak ez zuelako onartu pertikak hegazkinean sartzea. Aurten Olinpiar Jokoetan esku hartzea du helburu. 


Aforo arrazoiak tarteko, urtarrilaren 28ko ekitaldia Seminarixoan zuzenean jarraitzeko ikusleek gonbidapen pertsonalizatua jasoko dute. Baina, Goiena.eus atarian eta Goiena telebistan zuzenean eskainiko da ekitaldia.

Arloa: