Bergarako udaletxean sinatu dute hitzarmena abenduaren 2an Gorka Artola Alberdik, Bergarako alkateak eta Aitor Sotes Elustondok (Matz Erreka S.Coop.), Fastening Competence Center – FCC elkarteko lehendakariak.

Loturen industrian aritzen diren hamasei enpresek osatzen dute FCC, aurrerantzean FEX (Fastening Excellence Center). Gaur egungo egoera berriari erantzuteko eraginkorragoak izateko helburuarekin sortu dute taldea, batuta, indar handiagoa izango dutelako.

Bergara erreferentea da loturen industriaren esparruan, izan ere, Espainiako estatuaren ekoizpenaren %50 gurean egiten da. Sortu berri den elkartearen helburua da torlojugintzari buruzko erreferentzia-zentro espezializatu bat gauzatzea, torlojuek duten aplikagarritasuna eta horien merkatua lantzeko.

Bergarako udalak proiektu honetan hasieratik hartu du parte, orain dela bi urtetik hona zuzendaritza-komiteko parte aktiboa izanik. Bazkide laguntzaile izateko prozesua abiatu du Udalak eta diruz lagunduko du proiektua. Udala proiektua martxan jartzeko 50.000 euroko diru laguntza emateko prest dago 2019 eta 2020ko aurrekontuen kontura, eta 2019ko abenduaren 23an emandako Dekretu baten bitartez erreserbatuta geratu ziren 2019ko aurrekontuaren kontura eta 2020ko aurrekontuan badago behar beste diru izendapena.

Gorka Artola alkatearen ustez, “proiektua garrantzitsua da Bergararentzat, izan ere, gure DNAn dauden ekintzailetasuna, berrikuntza eta elkarlana batzen ditu. Jada sektore honetan duen erreferentzia indartzeko balioko du, baina, ez hori bakarrik. Une honetan sortzeak esanahi berezia du, bizitzen ari garen osasun pandemia betean, proiektu berriak martxan jartzea garrantzitsua da, sortzailetasuna erakusten du”.

Hitzarmena sinatzeko ekitaldian, Artola eta Sotesekin batera egon dira Juan Bautista Ayerbe FEXeko zuzendaria, Ainhoa Lete Bergararako udaleko Sustapen ekonomikorako zinegotzia eta Marije Unamuno Udaleko Sustapen ekonomikorako teknikaria.