Urtero elkarte desberdinek topo egiten dute Euskal Herriko herri desberdin batean jai giroan. Aurten Bergara izango da elkarte hauen topagune, martxoan. Egitasmo desberdinak antolatu dira bergararrak eta baita euskal herritarrak elkarte hauen errealitatera gerturatzeko. Ekitaldi irekia egingo da martxoaren 13an eta 14an Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldia Udal pilotalekuan. Bi ekitaldietarako sarrerak seminarixoa.eus webgunean eskuratu ahal izango dira martxoaren 3tik aurrera. 

Aurtengo Bizipoza jaia, atzerapen pixka batekin, martxoan ospatuko da Bergaran. 2020ko irailerako zegoen programatuta baina osasun egoerak atzeratzea eragin du. Jaiak formatu berria izango du, egoerak horrela eskatzen baitu. Bizipoza Elkartearen parte den Ndank Ndank elkarteak hartu du jai hau antolatzeko ardura, Bergarako Jardun eta udalarekin elkarlanean. 

“Bergarako Udalak bat egiten du egitasmoak sustatzen dituen baloreekin. Baina ez hori bakarrik, nabarmendu nahi nuke ekimen honen bitartez, izaera desberdineko hainbat elkartek, ikastetxek edota ostalariren elkarlana, herri bezala lan eginez, zehar lerro moduan”, esan du Gorka Artola alkateak. 

Desberdinen arteko elkarlana sustatzearekin batera, ekimen honen bitartez, Bergarako haur eta gaztetxoek modu ludikoan hainbat gai eta balore lantzeko aukera izango dute eta garrantzitsua da hori gure ustez, etorkizunean pertsona helduak izango diren horiek balore batzuetan oinarrituta hezteko. 

Euskal Herrian arlo desberdinak lantzen dituzten elkarteak ezagutzeko aukera ere izango dugu Bizipozaren bitartez eta asteburuko festarekin baita ongi pasatzeko ere. 

Bizipoza irabazi asmorik gabeko gizartegintza egitasmoa da, Leire Elizegi bertako kideak azaldu duenez. “Izaera bereziko gaiak lantzen dituzten haur eta familien ongizatea helburu duten elkarteei laguntza afektiboa eta materiala eskaintzea du xede. Elkarte, haur eta familia hauek transmititzen dituzten baloreak jasoz aberastu, hezi eta gizarteratzea bilatzen du”. 

Elkarte desberdinek osatzen dute Bizipoza: gaixotasun desberdinak dituzten haurren elkarteak, aniztasun funtzionala duten haurren elkarteak, kulturartekotasuna lantzen duten elkarteak, familia eredu desberdinak eta besteak beste, LGTBI kolektiboarekin harremana duten elkarteak. 

Urtero elkarte desberdinek topo egiten dute Euskal Herriko herri desberdin batean jai giroan. Aurten Bergara izango da elkarte hauen topagune. Egitasmo desberdinak antolatu dira bergararrak eta baita euskal herritarrak elkarte hauen errealitatera gerturatzeko. 

Jarduneko Marina Juaristik azaldu du herriko eragileek martxoan zehar egingo dutena. “Batetik, herriko Aranzadi ikastolak, San Martin Agirre eta Mariaren Lagundia ikastetxeek lanketa desberdinak egingo dituzte www.bizipoza.eus web orriak eskaintzen dituen baliabideez baliatuta. Ipuin animatu, komiki, mikro-dokumental eta bideoklip desberdinen bitartez elkarte desberdinak ezagutu ahal izango dituzte. Gainera, Bizipoza osatzen duten hainbat elkartek lehen hezkuntzako haurrei tailer desberdinak eskainiko dizkiete”. Lehen mailako ikasleek Altsasuko Biak Bat elkarteko bisita jasoko dute eta txakurrekin terapiak nola gauzatzen dituzten ikusi ahalko dute. Hirugarren mailakoek, Aspanogiko sentsibilizazio saioa jasoko dute, haur minbizidunen inguruan. Bosgarren mailakoek, aldiz, Gipuzkoako Kirol Egokitu Federazioarekin kirola praktikatuko dute aniztasun funtzionala duten pertsonen azalean jarriz. Seigarren mailakoek, Ndank Ndank Elkarteko bisita jasoko dute, “Non jaio, hala bizi” sekuentzia didaktikoaren baitan. Tailer horiez gain, bigarren mailako ikasleek “Kontukantoi” ipuin kontalari eta ilustratzaileaz gozatzeko aukera izango dute; eta laugarren mailako ikasleek, munduko jolasak ezagutuko dituzte Jardun elkartearen eskutik. 

Martxoan zehar (martxoaren 1etik 25era) “Bizipoza triviala” zabalduko da sare sozialen bitartez Euskal Herriko txoko guztietara. Bi trivial egongo dira, bata 12 urte beherakoentzat eta, bestea, 12 urtetik gorakoentzat. Trivial honetan elkarte desberdinen galderak aurkituko dituzte, eta honek ere euskal herritarrak elkarte hauen errealitatera gerturatzen lagunduko du. Parte-hartzaileen artean Elkar, Bizipoza eta Katxiporretako sari sortak zozketatuko dira martxoaren 26an. 

Ndank Ndank elkarteko Eli Dominguezek martxoaren 13 eta 14ko astebururako antolatu diren ekintzak aurkeztu ditu. “Batetik, bazkari birtuala egongo da. “Yassa ganar” (arroza, oilasko eta kipularekin) dastatzeko aukera egongo da. Euskal Herriko edozein lekutatik parte hartu ahal izango da, Youtuben platera prestatzeko azalpen bideo bat baitago. Bergararrek, gainera, Sirimiri eta Venti jatetxeetan eskuratu ahal izango dute. Erreserba egin beharko da martxoaren 8aren aurretik, tabernetan edo “Eskatu” aplikazioan tiketak erosita, 5 euroren truke”. 

Martxoaren 13an arratsaldeko 18.00etan Bizipoza elkarteko “Mundu Berri Bat Guztiontzat” aurkezpen ekitaldi irekia egongo da Udal pilotalekuan. Jone Olabarriak eta Martin Bertsok egingo dituzte aurkezle lanak. Hainbat elkarteko kide desberdinen hitzen ostean proiektu berriko bideoklip batzuk proiektatuko dira. Aroa Elortzak poesia bidez girotuko du ekitaldia, eta Bergarako Indai taldeak emango dio itxiera emanaldi txiki batekin. Sarrera librea izango da baina egoki antolatzeko aurrez sarrerak seminarixoa.eus helbidean eskuratu beharko dira. Martxoaren 3tik aurrera egongo dira eskuragarri. 

Martxoaren 14an goizeko 11:30ean “Pirritx, Porrotx eta Marimotots”-en ikuskizuna egongo da Udal pilotalekuan. Elkarte desberdinetako familiekin kantu eta dantza egingo dute. Sarrerak seminarixoa.eus helbidean egongo dira salgai 6 euroren truke, martxoaren 3tik aurrera. Bi ekitaldietan COVID-19ak eskatzen dituen segurtasun neurri guztiak hartuko dira. 

Bizipoza Elkarteak bergararrak animatu nahi ditu festan parte hartzera. Aukera bikaina egongo da elkarte desberdinak ezagutzeko eta denon artean guztiontzako beharko lukeen mundua eraikitzeko.