Goizeko 11:00ak aldera Barrenkalean dagoen estolda batetik kea irteten hasi da eta azpian metatutako gasak arketa bat jaurti du. 13:00ak arte itxita egon da ingurunea. Herritarrentzat arriskurik ez dago eta kalea zabaldu da.

Arratsaldean lanean jarraituko dute Iberdrolako langileek.

Barrenkalean dagoen lur azpiko Iberdrolako transformadore batek su hartu duela ikusi ahal izan du Bergarako Udaltzaingoak. Sutea txikia izan arren ke handia eragin du. SOS Deiak jakinarazi du Udaltzaingoak eta suhiltzaileek esku-hartu behar izan dute. Berehala itzali dute sutea.

Ingurunea hesitu du Udaltzaingoak, baina ez da eraikinik hustu behar izan. Hainbat etxebizitzetan argindarrik gabe geratu dira, baina dagoeneko bertan dauden Iberdrolako teknikariak konpontze-lanak egiten ari dira.

Kalte pertsonalik ez da egon eta momentuz ez da kalte materialik erregistratu. Iberdrolak jakinarazi duenez, argindarrik gabe egon diren etxebizitzetan egon liteke elektrizitateak eragindako kalte txikiren bat.