Osasun egoeragatik aurten ere ezingo dira Pentekosteak ohi bezala ospatu. Hala ere, kultura eskaintza berezia prestatu du Xaxau konpartsak Kopla barik bertso eskolarekin eta Udalaren laguntzarekin. “Pandemia garaian ikusi dugu kulturaz gozatzeko aukera badugula, beharrezko neurriak hartuta, eta horrek onura egiten digula herritarroi. Zer esanik ez kultura sortzaileei”, esan du aurkezpenean Ekaitz Aranberri zinegotziak. 

Bergarako Udalak, joan den astean Gorka Artola alkateak aurreratu bezala, dagoeneko ari da udari begira eta udarako kultur eskaintza prestatzen ari da, iaz hasi bezala Kultur mahaia eta beste eragileekin batera. Eta aurretik, Pentekosteak ospatu beharko genituzkeen egunetarako ere eskaintza horren aurrerapen moduko bat, menu osoaren mokaduaz gozatzeko aukera izango da. Gaur aurkeztu dute egitaraua jendaurrean Udalak eta Xaxau konpartsak. 

Hitzarmena sinatuko dute Xauxauk eta Udalak. Eta, maiatzaren 21etik 24ra hainbat ekitaldi egingo dira. Guztiak ere gaur egungo osasun egoerak eskatzen dituen baldintzak beteta. 

Adin guztietarako eta mota desberdinetako emanaldiak egingo dira. Bertso-saio, bakarrizketa, kontzertua, jolasak...

Ekitaldietarako sarrera eskuratzea ezinbestekoa izango da, doakoak izango badira ere. Bihar, maiatzak 13, 18:00etan jarriko dira eskuragarri seminarixoa.eus plataforman eta leihatilan. Korto-lehiaketako galarako sarrerak, berriz, 18an, 18:00etan jarriko dira eskuragarri.

Nere Zurrok, Xaxauko kideak esan duenez, “egitarau xumea antolatu dugu, esateko gu ere hemen gaudela eta gauzak egiteko prest gaudela”. Jendeari arduraz jokatzea ere eskatu dio, “orain arte egin dugun bezala, horri esker lortu baitugu orain arte kultur ekimenak egin ahal izatea”.

Xaxauko Irati Alberdik azaldu du aurten garrantzia berezia eman nahi izan diotela korto-lehiaketari. Bederatzigarren edizioa izango da aurtengoa. “Berezitasun moduan aurten kortoak ikusteaz gain gala xume bat prestatu dugu, Seminarixoan izango dena, baina Youtuben on-line jarraitzeko aukera egongo da”. Sari desberdinak egongo dira, iazko bi sariez gain beste bi sorpresa egongo dira. Ekitaldia egin bitartean egongo da bozkatzeko aukera Seminarixoan bertan eta interneten. 

Xaxaukoek antolatutakoez gain, Bergarako Udalak haur jaioberriei ongietorria egingo die. Iaz ezin izan zenez ekitaldi hau egin, hortaz, aurten omenduko dira bi urteetan jaiotakoak. Maiatzaren 23an izango da ekitaldia, Udaletxean. Ekitaldi bakarra izan ordez, taldekako ekitaldiak egingo dira, beharrezko osasun neurriak hartuta. Haur jaioberriak eta pertsona heldu bana joan ahal izango dira ekitaldira bakarrik. Gutuna jaso dute dagoeneko familiek etxean. Ekitaldira joango direnek baieztatu egin behar dute kultura zerbitzura idatziz. 

Bitorianatxoren igoera eta jaitsiera birtuala ere egingo da. 

 

Egitaraua (kartela): 

  • Maiatzak 21, ostirala.

19:00. Antton Telleriaren bakarrizketa. Seminarixoa. 

  • Maiatzak 22, larunbata. 

12:00. Bertso-saioa. Usondo parkea.

19:00. Sua taldearen kontzertua. Seminarixoa. 

  • Maiatzak 23, igandea. 

Goiza. Haur jaioberriei ongietorria. 

19:00. Korto lehiaketako gala Seminarixoa. Streaming bidez emitituko da. 

  • Maiatzak 24, astelehena. 

11:00. Hondarrarekin eskulturak Usondon (euriarekin Boluko frontoian). 7 urtetik gorako haurrentzat. Ordu eta erdiko txandak egingo dira, gehienez 25 pertsonekin. Izena emateko formularioa zabalduko da Xaxauren eta Udalaren sare sozialetan.