Etorkizuna Eraikiz kapsula Bergaran jarri du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak. Gaur goizean, kapsula herrira iritsi da, bertakoek lurraldearen etorkizunaren inguruan dituzten ekarpenak jasotzeko asmoz “Gipuzkoako biztanleak izango dira lurraldearen etorkizun, horregatik, haiekin elkarlanean eraiki behar dugu. Gipuzkoa nolakoa izatea nahi duten, eta denon artean amesten dugun lurraldea eraikitzen saiatu behar gara”, azpimarratu du Eider Mendoza Gobernantza diputatuak.

Mendozak Bergaran bisitatu du kapsula, Gorka Artola, Bergarako alkatearekin batera. Foru arduradunak azaldu duenez, partaidetza ezinbesteko tresna da herritarrek politikarekiko eta erakundeekiko konfiantza berreskuratzeko. “Partaidetzari esker, gobernuak indartu egiten dira, politika publikoak legitimatu, interes sozialak agenda publikoan sartzen dira, herritarrek bizitza publikoaren antolaketa prozesuetan parte hartzen dute, gizarte zibilaren funtzioa sendotu egiten da… Asko dira dituen abantailak. Eta, horregatik, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren muinean dagoen elementua da”, nabarmendu du Gobernantzako diputatuak.
Bestalde, Bergarako alkate Gorka Artolak azaldu duenez, “Bergaran ari gara dagoeneko herritarrekin gure etorkizunak nolakoa izan behar duen diseinatzen, partekatutako gobernantza ereduarekin lanean. Esaterako, Bergara 2030 Egin herrixa plan estrategiakoa diseinua horrela egin dugu. Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren barruan ere “Bergarako Herri Proiektua eta eraldaketa soziala” proiektua lantzen ari gara. Herritarrak erdigunean jarriz lan egiten dugu, eta horretarako ezinbestekoa da haiek entzutea eta bidea elkarrekin egitea. Herritarrek dituzten beharrei egoki erantzuteko modurik aproposena da elkar entzutea. Oraingoan begirada Bergaratik harago jarrita, Gipuzkoak dituen erronken inguruan ekarpenak egiteko aukera izango dute bergararrek. Eta ekimenean parte hartzera animatu nahi ditut.”

Kapsula Bergaran jarri dute, San Martin Agirre plazan, eta bertan egongo da egun osoan. “Alde batetik Lurraldea egun nolakoa den kontatzen diegu kapsularen baitan, zeintzuk diren Gipuzkoako ezaugarri eta balore nagusiak. Eta ariketa bikoitza egitea eskatzen diegu haiei, alde batetik, 2040ra begira, hau da, hemendik 20 urte barru nolakoa nahiko luketen Gipuzkoa izatea. Eta aldi berean, konpromezu bat hartzeko eskatzen diegu, zein ekarpen egiteko prest dauden, ekarpen guztiek fruitua ematen bai dute ondoren, eta fruitu horri esker gaur egun, eta baita gobernantza kolaboratiboari esker, ekarpen horiek proiektu bilakatu dira”. gogoratu du Mendozak, herritar guztiei zuzendutako proiektua dela azpimarratuz. Dinamika horren helburua da, halaber, herritarrak gogoeta egitera eta lurraldearen etorkizunarekin konprometitzera bultzatzea.