Finantza alorrean euskararen erabilera areagotzeko hitzarmena sinatu eta aurkeztu dute gaur goizean UEMAk, Laboral Kutxak, Kutxabank-ek eta Bankoak, udalerri euskaldunetako 44 alkaterekin batera. Hizkuntza irizpideak adostu dituzte UEMArekin, eta udalerri euskaldunetan dituzten bulegoetan euskara lehenetsiko dute hiru finantza erakundeek.

2016an lehen aldiz sinatu zuten hitzarmena Kutxabank-ek eta Laboral Kutxak UEMArekin, eta 30 udalek egin zuten bat hitzarmenarekin. Orain, bost urte geroago, hitzarmena eguneratu eta Bankoa ere gehitu da hitzarmenera, hiru finantza erakundeek bulegoak dituzten 44 herrietako udalekin batera, tartean Bergarakoa.

Udal horietako alkateak eta ordezkariak Bergarako Seminarixoan izan dira gaur goizean, eta hitzarmena aurkezteko ekitaldia egin dute. Bergarako alkate Gorka Artolak egin die harrera finantza erakundeetako eta udaletako ordezkariei, eta UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok hartu du ondoren hitza, gaur sinatutako hitzarmenaren nondik norakoak azaltzeko. Ondoan izan ditu Nuria Agirre Unzueta Laboral Kutxako Gestio Sozialeko zuzendaria, Eduardo Ruiz de Gordejuela Kutxabankeko Txikizkako Negozioaren zuzendari nagusia eta Ana Urkiza Bankoako Euskara Koordinatzailea.

Bergarako alkate Gorka Artolak pozik hartu ditu gonbidatuak Bergaran :"Pozten nau hitzarmen hau gure herrian sinatzeak. Urte asko daramatzagu Bergaran euskararen normalizazio bidean lanean, eta gaur UEMAren bitartez Laboral Kutxa, Kutxabank eta Bankoa finantza erakundeekin sinatuko dugun hitzarmen honekin urrats berri bat egingo dugu".

"Euskaraz bizitzeko hautua egin ondoren, hori egunerokoan egikaritzea ez da beti bide erraza izaten herritarrontzat. Eta UEMAko kide garen herri euskaldunetan ere, batzuetan, zailtasunak izaten ditugu. Geuri, alkate garen neurrian, gure herritarren ongizatea zaintzea dagokigu, eta herri euskaldunetakoak izaki, gure herritarrak eguneroko jarduera guztiak euskaraz egiteko aukera izan dezaten ahalbidetzea ere badagokigu. Esan bezala, urrats bat egingo dugu aurrera gaur", gehitu du alkateak. UEMAk egiten duen lana ere eskertu du.

Informazio gehiago: HEMEN

Arloa: