Bergaran kokatuta dagoen lotura torlojudunen balio katean aritzen diren enpresa industrialen elkartea da FCC-FEX. Orain dela hiru urte sortu zen enpresa taldea. Loturen industrian aritzen diren hamasei enpresek osatzen dute taldean, eta sorreran esan zutenez, “gaur egungo egoera berriari erantzuteko eraginkorragoak izateko helburuarekin” sortu zuten, “batuta, indar handiagoa” izango dutelako.

Bergarako Udalak proiektuan hasieratik hartu du parte, zuzendaritza-komiteko parte aktiboa izanda. Iaz bazkide laguntzaile izateko prozesua egin, hitzarmen bidez diruz lagundu du proiektua. 2020ko abendu hasieran sinatutako hitzarmena berrituko da aurten. Aste honetan egin den Tokiko Gobernu Batzordearen bileran eman zaio oniritzia.

“Bergaran torlojugintza sektore estrategiko bat da, eta momentu honetan mundu mailako egoera ezegonkorraren aurrean garrantzia berezia hartzen dute horrelako ekimenek. Teknologia, lehengaiak, kudeaketa… hamaika dira sektoreak dauzkan erronkak eta herri bezala horiei erantzuteko baliabide bat izan nahi du FEXek”, Ainhoa Lete Sustapen Ekonomiko, Berrikuntza, Ekintzailetasun eta Turismo zinegotziaren ustez.
.
2020ko uztailaren 21ean egin zuen enpresa taldeak lehen Batzar Orokorra. Ordutik barne mailan hiru mahai sektorial osatu dituzte: Trenbide Mahaia, Energia Mahaia eta Automozio Mahaia. Sektore bakoitzeko bezeroak biltzen dira, garapen proiektuak garatzeko bidean laguntza eskaintzeko.

Hitzaldi tematikoak ere egiteko asmoa dute, torlojudun loturei buruzko eduki teknikoak partekatzeko. Lehena 2021eko urrian egin dute.

Eskaripeko zerbitzuak ere ematen ditu, esaterako I+G proiektuak, zerbitzu teknologikoak eta formakuntza eskainiz.

Adimen Lehiakorraren zerbitzua ere eskaintzeko asmoa dute, Lortekekin garatzen ari direna. Helburua da aurten bertan lehen zerbitzuak eman ahal izatea.