Kezka eragin diote Bergarako Udal Gobernuari azken egunotan Valogreene Paper BC, S.L. enpresak Larramendi poligonoan paper-industriaren hondakinen tratamendurako ezarri nahi duen plantaren inguruan jaso dituen hainbat informaziok.

Bateragarritasun urbanistikoari dagokionez: Valogreene enpresak Larramendi poligonoan jarduera ezartzeko egin zuen eskaera bateragarria da Bergarako plan orokorrarekin, eta ondorioz udalak baimena eman behar izan dio. Hala ere, Eusko Jaurlaritzan aurkeztutako proiektua jendaurrean jarrita, eta alegazioetarako epea zabaldu ondoren, Udalak ikusi du Valogreene enpresak udalean egindako tramitazioan, eta ondoren Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailean egindakoan, jardueraren deskribapenean kontzeptu desberdinak erabili dituela.

Hori horrela, Udal Gobernuak hori aztertzeko erabakia hartu du, eta horretan ari da lanean arlo teknikoa. Ziurtatu nahi du Udalean egindako eskaeran jasotzen den jarduera den egiteko asmoa duena, edota ondorego eskaeretan jarri duena. Bigarrena balitz, berrikusiko du baimenarena, plan orokorrarekin bat datorren edo ez aztertuta.

Bi arlotan ari zaio Bergarako Udala jarraipena egiten gai honi: urbanistikoan eta ingurumenean. Ingurumenaren alorrean Udalak eskumenik ez badu ere, Eusko Jaurlaritzari baitagokio, Euskal Herrian jarduera horren inguruan dagoen ezagutza eza aintzat hartuta (jarduera berria baita), Bartzelonako enpresa bat kontratatu zuen azterketa egin, eta txosten bat egin zezan. Txosten definitiboa aste honetan jasotzea espero du Udalak, baina dagoeneko aurre-txosten bat jaso du, eta hasieran zituen zalantzak handitu egin zaizkio Udal Gobernuari.

Aipatutako informazioak jaso bezain pronto Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailarekin batzartu da Gobernua gaia aztertzeko, eta alegazioetarako epea luza dezan eskatu dio.

Gai honi lotuta, une honetan hainbat aztergai ditu zabalik Bergarako Udalak, eta datozen egunotan informazio zehatzagoa izatea espero du. Informazio ona jasotzen duen neurrian herritarrei jakinarazteko konpromisoa hartzen du.