Urriaren 25ean batu da Bergarako udalbatza ohiko osoko bilkuran. Ordnantza Fiskalen aldaketa onartu da 2022rako, EH Bilduren aldeko botoekin (9), EAJ-PNVren kontrakoekin (7) eta PSEren abstentzioarekin (1). 

EAJ-PNVk emendakin batzuk aurkeztu ditu, %0ko igoera, esaterako, baina ez dira onartu. EH Bilduk kontra bozkatu du, EAJ-PNVk alde eta PSE abstenitu egin da. Udal Gobernuaren bozeramale Nagore Iñurrategik horiek ez onartzeko azalpenean esan du ez dutela lanerako borondaterik ikusi, batetik, eta bestetik, bideraezina dela, izan ere, “ez da serioa dena bere horretan mantentzea proposatzea diru-sarrerak nondik gehitu daitezkeen proposatu gabe, udalak kudeatzen duen poltsa mugatua baita.”

Aitor Aranzabal Ogasun zinegotziak bileran azaldu duenez, “Bergarako Udal Gobernuak 2022ko Ordenantza Fiskalen eguneraketa egiteko proposamena landu ondoren, horiek gaur egungo egoerara eguneratzea lehenetsi du, KPIarekin berdinduz. Horretarako, kontuan izan ditu: herritarren zein udalaren egoera ekonomikoa, batetik, eta kalitatezko zerbitzuak emateko helburua betetzea, bestetik”. 

Behar handiena duten herritarrak laguntzea izango dela helburua azaldu du Aranzabalek, eta osasun pandemiari egin dio erreferentzia. Esan du iazko urtea zaila izan zela herritarrentzat oro har, osasun pandemiaren ondorioz, ez bakarrik maila ekonomikoan. Eta “momentu jakin batzuetan sektore batzuk lagundu dira bereziki, egoerak hala eskatzen zuelako. Pertsonen arteko arrakala handitu egin da, eta behar handiena zuten pertsonek are behar handiagoa dute orain. Eta horiek laguntzea izango da gure lehentasunetako bat”. 

Osasun pandemiak zerbitzu publiko onak ematearen beharra agerian geratu dela azaldu du Ogasun zinegotziak osoko bilkuran. “Horiei erantzuteko, baina, daukagun diru-poltsa mugatua da eta diru-publikoaren kudeaketan ari garenon betebeharra da hori tentuz eta erantzukizunez zaintzea”. 

Kalitatezko zerbitzu publikoak eduki ahal izateko, udalak sarrerak izatea beharrezkoa dela esan du Aranzabalek, eta ildo horretan “guztioi dagokigu ekarpena egitea. Horregatik proposatzen dugu Ordenantza Fiskalen aldaketa KPIarekin berdintzea”. (3,3koa izan da Estatu espainiarreko abuztuko KPIa). 

Eguneraketa egitea (KPIarekin bat) proposatzen da esaterako, Hirilurreko tipoetan;Trakzio Mekanikoen Ibilgailuean Gaineko Zergan; Hirilurren Balio Gehikuntzaren Gaineko Zergan.

Aldaketarik ez da egingo Ekonomi Jardueren Gaineko Zergan; Euskaltegiko tasan; Kiroldegiko ikastaroetako tasan. 

Berrikuntza batzuk proposatzen dira datorren urteko ordenantza fiskaletan: 

PERCH eremuko eraikinetan, %95eko hobaria izango dute behe solairuko obrek, baldin eta obren helburua lokala indarrean dagoen araudira egokitzea bada. Hobari hau soilik izango da araudira egokitzeko egin beharreko obrentzat.

PERCH eremuan etxebizitza erabilera duten finketan egiten diren obra guztiek %50eko hobaria izango dute baldin eta obraren kostea, zerga barik, 10.000€tik gorakoa bada. Hobaria ez da aplikagarria izango obra berriko eta birgaitze osoko kasuetan.

Bilkura ikusi: hemen.