Kote Camacho de Miguel komikigileak eskuratu du, besteak beste, Geuretik sortuak ekimean parte hartzeko beka, eta egun hauetan Bergarara da lehen egonaldia egitera. Gorka Artola alkateak eta Kristina Markina kultura zinegotziak egin diote harrera. Alkateak esanetan, “Kote Camachoren proposamena jaso dugu, eta iruditzen zaigu emankorra izango dela. Egun hauetan Kote herrian murgilduko da, eta espero dugu bere lan horrek, azalduko digun proiektuarekin batera, emaitza politak izatea”. 

Camachok komiki berrian azaldu daitezkeen herriko hainbat toki ezagun bisitatzen ari da. Beraz, Errege seminarioa, udaletxea, Olaso dorrea, etab. izan daitezke lan berriaren eszenatokietako batzuk.

Istorioari dagokionean, Txillardegiren gaztaroan kokatu nahi du artistak. Bere hitzetan, “aurkeztu nuen proiektua Txillardegiren gaztaroan zentratua dago. Nik jakin nahi nuen, garai zail haietan, nola egin zuten gazte batzuk bereziki euskaraz ikasteko”.

Geuretik sortuak ekimena

Orotara, hamar idazlek, bost komikigilek, hiru antzerki konpainiak eta lau zinegilek jaso dute Geuretik Sortuak 2023-24 sormen beka.

Aurten Udalbiltzak laugarren arte alor bat gehitzea erabaki du: literatura, zinegintza eta antzerkigintzako sortzaileez gain, komikigileak ere protagonistak izango dira. Beka deialdian 60 proposamen jaso ziren orotara lau arte alorretatik, proiektuko arduradun politikoa den Koro Etxeberriak adierazi bezala, “askotarikoak eta kalitate altukoak”.

Lehen edizioan bezala, bigarren hau ere bi urtez luzatuko da. 2023an zehar sormen egonaldiak egingo dira 22 multzotan bildutako 39 udalerritan. Aurten ere bi, hiru, lau edota bost udalerritako multzoak egongo dira, euren kabuz parte hartzea erabaki duten udalerri horiez gain. Bakoitzera, Udalbiltzak eta arte alor ezberdinetako adituek osatutako balioespen batzorde batek hautatutako sortzaileetatik bat joango da; jasotako proiektua garatu ahal izateko epaimahai honek egokien ikusi duen udalerri edota udalerri-multzora, hain zuzen. Udalerri horretan edo horietan hiru astera bitarteko egonaldiak egingo dituzte sortzaileek; eta bertatik ipuin luzeak, 15-20 orrialde bitarteko komiki lanak, 10-20 minutu arteko film laburrak eta antzezlanak aterako dira.

Ziklo berri honen bigarren urtean, 2024an, sortutako lan guztiekin kultur zirkuitu bat osatuko da. Ipuinak eta komikiak bilduma banatan argitaratuko dira; film laburrekin muntaia orokor bat egingo da, eta antzezlanak euren kabuz aurkeztuko dira herri horietan. Zirkuitu hau egonaldiak jaso dituzten udalerri guztietatik igaroko da.

Iazko edizioa

2022 urtean, Oier Zuñiga nafarrak izan zuen beka honi esker proiektua lantzeko aukera. ‘Eresia. Lurra arin bekizu, ama’ antzerkia eta dantza uztartzen zituen lana aurkeztu zituen.