Zaintzaren gaiaren inguruan gero eta gehiago hitz egiten da, eta adituek esaten dute  mendebaldeko herrialdeak zaintza krisi batean murgilduta gaudela. Azken urteotan biztanlerian aldaketa ugari egon dira: biztanleriaren zahartzea, mendekotasunaren igoera, familia eredu geroz eta anitzagoak egotea eta emakumeak lan merkatuan sartzea. Gainera, erantzuteko erabiltzen ari garen estrategia migrazio-fluxuetan eragiten ari da, eta zaintzen kate globala delako fenomenoa bultzatu du. Zaintza-eredua birpentsatzeko garaia dela pentsatuta hasi da Udala gaia jorratzen.

Ainhoa Lete Alkate ordearen esanetan, “gaia lantzen hasteko abiapuntua plana izango da. Pertsona guztiok behar dugu zaintza. Bai, hori barneratu behar dugun ideietako bat da. Guztioi eragiten digu zaintzaren gaiak, alderdi desberdinetatik begiratuta ere; bai zaindu gaitzaten behar dugulako, eta baita zaindu egin behar dugulako ere. Nahiko genuke Bergara zaintzen duen herria izatea, ekosistema oso bat eratzea, eta etorkizunera begira horretan urratsak egin behar ditugula uste dut. Nolakotasunari erreparatzea ere garrantzitsua da. Zaintzarena, gainera, herri bezala dugun erronka bat da”.

Farapi Koop. Elkartea kontratatu du Udalak plana osatzeko. 2022. urteko maiatzean abiatu zuen lanketa barne mailan Udalak, eta uztailean hasi zituen lan-saioak arlo horretan dabiltzan eragile eta pertsonekin, eta modu batez edo bestez gaiak zuzenean eragiten dienekin. Egindako lanaren itzulketa saioa egin zen prozesuan parte hartu duten pertsonekin. Prozesu horren emaitza Zaintza Plan bat da eta martxoaren 27an egingo den osoko bilkurara eramango da udalbatzak onarpena eman diezaion. Emakundek 11.630 euroko diru-laguntza eman dio Udalari ekintza-plana osatzeko.

Zertaz ari gara zaintzaz ari garenean

Zaintzarena oso gai konplexua da, ertz askokoa eta ikuspegi askotatik begiratu beharrekoa. Pertsonen ongizaterako eta bizitzaren etengabeko birsorkuntzarako beharrezko askotariko jarduerak dira zaintzaren barruan kokatzen direnak. Pertsonen ongizatea bere osotasunean ulertzen du zaintzak: fisikoa, psikologikoa, emozionala eta soziala. Bizitza osoan zehar zaintzak guztiok behar ditugu: zaurgarriak eta interdependenteak garela onartu behar dugu, eta autonomiaren mitoa hautsi. 

Gaur egungo zaintzen egoera Euskal Herrian

Gure gizarteko zaintza erregimena familista da, familiak baitira gaur egun zaintzaren ardura unitateak. Familia guztiek egoera eta ahalmen berbera ez dutenez, familia unitate bakoitzaren baliabide ekonomikoek eta sare sozialek baldintzatzen dute zaintzarako eskubidearen egikaritzea. Bestetik, geroz eta merkantilistagoa da zaintza eredua, merkatuaren gain baitago zaintza lanak hornitzeko ardura. Feminizatuta dago, eta bereziki klase baxukoak eta migratuak diren emakumeek egiten dituzte. Gaur egungo zaintza eredua, hortaz, prekarizatua eta prekarizatzailea da eta lan horiek ikusezinak dira eta ez dute merezi duten aitortza jasotzen.

Egoera horretatik abiatuta, Bergarako Udalak beste zaintza eredu bat landu nahi du, eta hori planifikatu, esan bezala. Horretarako landu den proposamenak zazpi helburu estrategiko ditu, eta bakoitzari lotuta jarduera multzo bat proposatzen da.

Zazpi helburu estrategiko jasotzen ditu planak

  1. Zaintza bere dimentsio osoan ulertzea, lan hauek merezi duten aitortza egin eta ikusaraztea.
  1. Zaintzaren kultura eraldatu eta hauek modu justuagoan banatzea.
  1. Zaintza lanetan diharduten langile profesionalen lan- eta bizi-baldintzak hobetzea.
  1. Zaintza lanak familian egiten dituzten zaintzaileak zaindu eta baldintzak hobetzea.
  1. Zaintza modu duinean jasotzeko eskubidea sustatzea.
  1. Hirigintzaren ikuspegitik herri zaintzailea lantzea.
  1. Zaintza-krisiari ikuspegi komunitario batetik ere erantzuteko apustua egitea.