Bergara K.E. eskubaloia, futbola, saskibaloia eta pilota elkarteek, Lokatza ziklismo eskolak eta Burdinola irristaketa taldeak hitzarmena berritu dute Udalarekin Bergara Hiria emakumezkoen txapelketak egiteko.

XIX. mendean kirol modernoa sortu zenean, gizonek izan zuten protagonismoa, eta gizonentzako diseinatu zuten kirol eredua. Gauzak horrela, lehiaketa kirola edota kirol federatuan, emakumeen presentzia, behar baino askoz  txikiagoa izan da. Desoreka honen aurrean, ekarpena egiteko helburuarekin, 2018. urtean, Bergara Hiria emakumezkoen txapelketak sortu ziren.

2018. urtean sinatu ziren hitzarmenak lehenengo aldiz, 2018-2022 epealdian, urtero, ahal izan ezkero, txapelketak antolatzeko. Udalaren ekarpena 11.000 eurokoa izan da urteko. 2020an pandemia zela eta ez ziren egin, eta 2021ean, seitik hiru antolatu ziren. 2022an, bost.

Aukera berriz eskainita, 2018-2022 epealdian parte hartu zuten talde guztiek jarraitzeko nahia adierazi zuten. Oraingo honetan hitzarmenak 4 urterako dira, 2023-2026, eta Udalaren ekarpena 12.000koa izango da urtero.