Ohi bezala, gogo handiz aterako dira bergararrak eta bisitariak kalera Pentekoste jaietan. Testuinguru horretan herritarrei dei egin nahi zaie jairako grinak ez dezan alde batean utzi besteekiko errespetua eta elkar zaintza.

Bergarako Udala egunerokoan ari da lanean Bergara herri inklusiboa, pertsonen arteko berdintasunean oinarritutakoa izan dadin, eta herri feministarantz bidea urratzen ari da, indarkeria matxista prebenitzeko lan eginez, eta egun dauden kasuak artatuz (bertara hurbiltzen edo ezagutzen direnak). Mugimendu feministak egiten duen lana osatuz.

Jaietara ere eraman nahi du gai hori, jai-espazioak inklusiboak eta indarkeriarik gabekoak izan daitezen. Emakumeek kaleaz, gauaz eta jaiaz aske goza dezaten, inoren baimenaren zain egon gabe. “Emakumeek festez eta espazio publikoaz askatasunean gozatu nahi dugulako;kaleak, antolaketa-lanak, gauak, agertokiak eta plazak gureak ere badirelako”.

Ildo horretan, jaietako egitarauan bertan txertatu dituzte hainbat proposamen. Esaterako, Martxanterak talde feministak antolatuta Guateke more ibiltaria egingo da maiatzaren 27an, 19:30etik aurrera txosnagunetik abiatuta. Musika jartzaileak joango dira kamioian, herriko kaleetan zehar dantzaldi eta jai ibiltaria izango da.

Txosnagunean eraso matxisten protokoloa egongo da. Gainera, bertan lanean arituko diren pertsonek formazioa ere jaso dute aurretik Martxanteren eskutik.

Aitzitik, urte osoan zehar egiten dira erasoak, baita jai testuinguruan ere. Horregatik, prebentzio lanaz gain, eraso egoera horiek kudeatzeko bitartekoak eskainiko dira.

Aurten, arreta gune bat egongo da. Adituek eskainitako arreta puntu horren helburua, jaietan izaten diren edozein intentsitateko eraso matxistei aurrez aurreko nahiz telefono bidezko arreta, bide laguntza, informazio egokia eta aholkularitza eskaintzea da. Jaietako hainbat egunetan eta ordutegi jakin batean egongo da zabalik:

  • Egunak: maiatzak 26, 27eta 29
  • Ordutegia: 22:00etatik 6:00etara
  • Telefonoa: 747448456 (Erabilgarri arreta gunearen ordutegian soilik)
  • Non: Irizar jauregian (Barrenkalea 33)

Beste baliabide batzuk:

  • 112 larrialdiak. Udaltzaingoa 092
  • Telefono bidezko 24 orduko informazioa 900840111. SATEVI.

Indarkeria matxistaren gaia ez da soilik emakumeen kontu bat. Lehen mailako gai estrukturala da. Beraz, guztioi dagokigu eraso matxistarik gabeko jaiez gozatu ahal izateko jardutea. Konplizitatearen gaian ere jarri nahi da indarra. Ildo horretan, aurten ere kartelak jarri dira herrian zehar, “Jaietan ere ez dugu inongo erasorik onartuko!” lelopean, erasoen edo erasotzaileen konplize ez izatera dei eginez, eta zaintza kolektiborako gonbidapena eginez. Arreta gunearen inguruko informazioa eta telefonoak ere jasotzen dira bertan.

Horrekin batera, tabernariei ere, hala behar izatekotan, eraso egoerak kudeatzen laguntzeko aholku sorta jasotzen duen kartela ere banatuko zaie. 

Arloa: