Astertean hasiko dira Mugertza eraikina eraisteko lanak. Modu honetan, urte luzez Bergarako Udalaren nahi eta asmo nagusienetakoa lortuko da. Gainera, eraikina botatzearekin batera, ingurua urbanizatuko da. Elena Lete alkateak adierazi duenez, "Bergarako Udalak egindako bitartekaritza lanei esker lortu den akordioa onuragarria izango da kalearentzat zein herriarentzat, Bergarako puntu beltz bat ezabatzea ekartzen baitu. Mugertza kaleko 9 zenbakia duen eraikina eraisten hasiko dira, baina lehen amiantoa kenduko da". Izan ere, enpresa espezialista bat material arriskutsua erretiratzeaz arduratuko da lehen eta ondoren, hasiko dira eraikina eraisten.

Jarraian, ingurua urbanizatuko da, trafikoaren eta oinezkoen irisgarritasuna hobetuko duten lanak eginez; "errepidea estutzen den gunea zabalduko da, gaur egun trafikoa erregulatzen duten semaforoak kenduko dira eta oinezkoentzako pasabideak egingo dira, denen segurtasuna bermatua izango delarik", gaineratu du Lete alkateak. Honela, eraikina eraitsita, kalea zabalduko da, ondoko etxebizitzen lerrokada berdina jarraituz. Lanak uztaila erdialderako amaituta egotea aurreikusten da.