Gaur, ostirala, sinatu da Arrizuriaga jauregiaren eta Seminarioaren arteko permutaren aldaketa. Asteleheneko Udalbatzak hartutako erabakia egia bihurtu da, beraz, gaur Udalak, UNEDek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Bergarako udaletxeko pleno aretoan sinatutako akordioari esker. Bergarako alkate Elena Leterekin batera, Aldundiko diputatu nagusia den Markel Olanok eta Denis Itxaso diputatuak eta UNEDeko zuzendari Iñaki Esparzak sinatu dute akordioa.

Modu honetan, eta urte luzez izan den bezala, Arrizuriaga jauregiak Udalarena izaten jarraituko du eta UNEDek San Martin plazako bere betiko egoitzan jarraituko du. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak 1.107.000 euroko diru-laguntza bideratuko du kultur aretoko ekipamendua osatu eta egokitzapenak egin ahal izateko; horren bitartez, Seminarioko obra egiteaz gain, erabilera ere bermatuko da, kultur ekipamendu moduan.

Olanok azaldu duenez, hartutako erabakiak “soka luzea” izan duen auzia konponduko du. “Erabaki efektibo batzuk hartu ditugu, eragin zuzena izango dutenak bai Bergaran eta baita hemen gauden erakunde guztiongan ere. Erabaki anitza eta globala da, eta auziari behin betiko konponbidea emango diona”. Eta erakundeen arteko elkarlana ere azpimarratu nahi izan du: “Hemen gauden guztiontzat eta Bergararentzat gaurkoa egun garrantzitsua da. Lan handia eskatu digu eta erabakia elkarlan izpirituan hartu dugula azpimarratuko nuke. Hiritarrek politikooi eskatzen digutena egin dugu, gauzak konpondu, gauzak atera. Gaurko bilera eredugarria izan da zentzu horretan”. Adostasunera iristeko zailtasunen aurrean “elkarlanak fruitua” eman duela adierazi du.

Elena Lete Bergarako Alkateak gaurkoa egun “oso garrantzitsua” dela aipatu du, adostasunak “herriaren biziberritzea” bideratuko duelako: “Egun ona da gaurkoa Bergararentzat, akordioa lortu baita. Udalaren esku geratuko da eliza kultur erabilerarako eta UNEDek ere bertan jarraituko du. Herriarentzat garrantzitsuak izango dira biak, erdi-erdian daudelako eta herria biziberritzeko aukera oparoagoa izango dugulako”. Jarraitu du esanez bergararrak urte luzez zain egon diren “behar bati erantzuteko gaitasuna” izan duela oraingo Udalak. Bergarak kultur ekipamendu berria izango duela-eta, “pauso garrantzitsua eta zoriontzekoa” dela adierazi du: “Bergara kultur talde asko dituen herria da. Honen zain egon dira urteetan. Aldunditik diru-laguntza berezi bat kultur ekipamendurako lortzeak lehen ez genuen gaitasun ekonomikoa ziurtatzen digu”. Azkenik kultur ekipamenduak epe labur batean herriarengan izango dituen eraginak aipatu ditu: “Azkenaldian entzuten ari gara hiria “josi" kontzeptua. Hiriak josteko hiriak erabili behar ditugu eta eraikuntzak erabili. Erabilerak nahastuz, ekipamendu honek lagunduko du kultur ekosistemak gizarteari zerbait eskaintzea”.

Denis Itxaso Kultura diputatuak lehenengo parez pare jarri ditu Seminarioak hezkuntza arloan historikoki izan duen papera eta UNED Bergarak egun egiten duen lana. “Bergararen sustraiak edukita ere Bergaratik haratago ezagutza zabaltzen jakin izan zuen eta horixe da UNEDek egiten duena”. Bigarrenik, kultur espazio berriak kultur dinamizazioan izango duen eragina nabarmendu du: “Espazio berria espazio irekia izango da, kulturari irekia eta guztioi irekia. Herriko bizi kulturala dinamizatuko du, lehendik ere oparoa dena eta honelako espazioak behar dituena. Herriko taldeek lekua izango dute euren ekitaldiak egiteko eta sorkuntza lantzeko". Eta azkenik, ondarearen ikuspegia aipatu du: “Hor zegoen ondarea birgaitzen da, ez bakarrik kontenplaziorako, erabilerarako. Ondarea balorean jartzen da erabilera duen neurrian eta hemen 20 urtez itxita egon den eraikinari erabilera emango zaio. Bazegoen zor bat horrekin ere. Gipuzkoak ondare arkitektoniko handia du, bereziki Bergarak, eta askotan ez da patrimonio guzti hori mantentzeko modurik. Kasu honetan lortu da, esfortzu ekonomiko handia da, baina merezi du eta ziur naiz Bergarak aprobetxatuko duela“.

Iñaki Esparza UNEDeko zuzendariak UNED Bergararen eraginkortasuna eta potentzialitatea gauzatzeko lortutako akordioaren garrantzia nabarmendu du: “Gai luzea izan da hau, korapilatua egon da urte askotan eta horrek gure jarduera baldintzatu du. Gaurko akordioari esker irtenbide bat dugu eta  baldintzak adostu ditugu. Nik Patronatuko kideei lehenbailehen egitea eskatu nien eta akordioa lortu izana eskertu behar diet. Akordio hau bat dator gure 40. urteurrenarekin eta bai estrategikoki eta baita taktikoki ere aukera paregabea da. Beraz, lortutako akordioa poztekoa da”. Azkenik, UNED Bergarak etorkizunean ere herriarekin uztartuta lanean jarraitzeko nahia azaldu du: “Gure ekarpenak Bergara inguruan badu bere nortasuna eta baloratu egiten da. Gure jarduera uztartu daiteke eta beste proiektu batzuekin uztartzen da. Eta guk hor pieza bat izateari garrantzia ematen diogu eta horren arabera izango da gure jarduera etorkizunean ere”.