Dolmenen Ibilbidearen balio arkeologikoa eta geologikoa zein paisaia-balioa ezagutzera emateko doako 9 bisita gidatu antolatu dira. Datorren ekainaren 11an, igandean, ekingo zaie bisitei eta urriaren 7an amaituko dira. 9 kilometroko ibilbide gidatua izango da, Karakaten hasi eta Irukurutzetaraino (4,5km), eta buelta berriz Karakatera.
Dolmenen Ibilbideak Karakate-Agirreburu banalerroa zeharkatzen du, eta Elgoibarko, Soraluzeko eta Bergarako udalerriak lotzen ditu.
Ibilbideak balio arkeologiko handia du, bertan aurkitzen den historiaurreko ondareagatik: Neolitoko eta Brontze Aroko tumuluak eta trikuharriak, hain zuzen. Giza taldeek horrelako mendilerroak, paisaiaren mugarri nagusi zirenak, aukeratu zituzten hildakoak ehorzteko eta beren lurraldea seinalatzeko. Monumentu megalitikoen bidez utzi diguten ondarea antzinako ehorzte-errituekin lotuta dago.
Bisita gidatuak igandez egingo dira, 10:00etatik 13:15era. Datak honakoak dira
EKAINAK 11, IGANDEA - EUSKARA
UZTAILAK 2, IGANDEA - GAZTELERA
UZTAILAK 16, IGANDEA - EUSKARA
UZTAILAK 30, IGANDEA - GAZTELERA
ABUZTUAK 6, IGANDEA - EUSKARA
ABUZTUAK 20, IGANDEA - INGELESA (ESKAERAREN ARABERA) / GAZTELERA
IRAILAK 10, IGANDEA - EUSKARA
IRAILAK 24, IGANDEA - GAZTELERA
URRIAK 8, IGANDEA -EUSKARA
Behin ibilbidea amaituta, gazta, ogia eta sagardoa izango dira dastagarri. Bisita gidatuetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da info@begi-bistan.com helbidera idatziz edo 657 79 46 77 telefonora deituz (Naiara, Begi-bistan).
2013an aurkeztu zen ofizialki Dolmenen Ibilbidea. Proiektu hau aurrera eramateko arrazoien artean daude ibilbideak eta, orokorrean, inguruneak daukan potentzial turistikoa. Lau urte hauetan berretsi egin da ibilbideak duen interes turistikoa, bisitari asko gerturatzen baitira ibilbidea egitera.
Dolmenen Ibilbideak, PR-Gi 94 izendapenarekin, 20 kilometro dauzka eta Karakate-Agirreburu banalerroa zeharkatzen du, Elgoibarko, Soraluzeko eta Bergarako udalerriak lotuz.
Ibilbideak edertasun eta balio handiko kultur eta historia ondarea dauka. Dolmenen Ibilbidean, Aita Barandiaranek hala izendatu zuen, antzina Deba eta Urola bailaren arteko igarobidea izan zen lurretan sartzen gara. Bertan gure arbasoen aztarnak ikus daitezke, Elosua-Plazentzia estazio megalitikoa osatzen duten tumulu eta dolmen multzoa, hain zuzen. Dolmen hauek Karakate, Irukurutzeta eta Agirreburuko tontorrek marrazten duten mendilerroan sakabanatuta daude. Ikuspegi ederrek gainera, are interesgarriagoa egiten dute ibilbidea