Zu eta gu

Captura de pantalla 2016-01-21 a las 16.04.12

“Bizitza maite diat, horregatik ari nauk heriotzaz”. Egileak lagun bati esandako esaldi horrek definitzen du Anjel Lertxundi idazlearen azken lana, Zu, non kontatzen baita egilearen emaztea —egileak Zu izendatuko du liburuan zehar— zelan gaixotu den, pankreako minbiziak jota, eta familia osoak, baina bereziki senar-emazteek, zelan bizi izan duten gaixoaldia.

Egileak “Ars Vivendi” bat partekatu nahi izan du Zu-rekin, eta baita gu guziokin ere. Horretarako, uztartu egin ditu Zu-rekin batera bizi izandako gorabeherak eta literatura unibertsaleko idazle askok egindako hausnarketak, gehienak gaixotasunaz eta heriotzaz. Baina berak ere aprobetxatu egin du bere ikuspegia azaltzeko, gai askoren inguruan: seminarioa, fedea, jainkoa, kazetaritza, eutanasia, artistaren miseria, isiltasun kosmikoa…

Eta liburuaren erdi-erdian, Zu, egilearen emazte eta ameskidea, minbiziak jota, eta protagonista bihurtuta. Emazteak badaki senarra oharrak hartzen ari dela, eta badaki material horrekin liburu bat egingo duela. Berak ere animatu egin du hori egitera, biak bat datozelako “hil artean bizi” egin behar dela, ahalik eta modurik duin eta alaienean.

Familia-esperientzia gogor bat baliatuta, Anjel Lertxundik liburu zoragarria egin du. Ez dakit asko salduko den —hori beste kontu bat da, askotan gai hauek espantua eragiten baitigute—, baina uste dut euskal literatuaren gailurretako bat izango dela.

Nik oso gustura irakurri dut, eta emozio puntu batekin. Erabat gomendagarria.

Kategoria: Liburuak Etiketak , , , , , . Gorde lotura.

Erantzun bat Zu eta gu bidalketan

  1. egilea: Ima

    Zein ondo laburtu duzun Joxe! Atzo bukatu nuen. Zoragarria iruditu zait, barrutik idatzitakoa, apaindura barik, negar-anpuluak eta irribarrea, denetik eragin dit. Hizkuntza ederrean, barruak dantzan jartzen dizkizun horietako bat. Gomendagarria, oso.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude