Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / San Frantzisko (II)

San Frantzisko (II)

gabiria 2006/02/09 09:09

Turkiarrak boliviarrari galdetu dio ea lanean ari den. Boliviarra turkiarraren kebabera joan da bazkaltzera; aspaldiko ezagunak dira, bistan denez. Baietz erantzun dio, baietz, lanean ari dela. Turkiarrak harritu aurpegia jarri du, eta zorionak eman dizkio gero. “¿En qué?” galdetu dio segituan. Birritan pentsatu barik erantzun dio boliviarrak, erantzun bera behin baino gehiagotan ematera ohituta edo: “trabajo buscando trabajo”.

Zabalburuko plaza baino metro batzuk beherago gertatu da hori, Fernández del Campo kalearen amaieran, eta zikin sentitu naiz bat-batean. Inpresioa izan dut pareko begetarianoan egon behar nuela, jendea trajez doan jatetxe horretan, eta ez hemen. Lan erosoa daukat, eskuak ez ditut apenas zikintzen, eta ez da nire errua. Une batean sentitu dut ez nintzatekeela hau guztia entzuten egon behar, hobeto egoten dela egunerokotasun ordainduan, “trabajo buscando trabajo” entzun behar zikinean baino.

Gaur Arkumearen Eguna izan da musulmanen egutegian. San Frantzisko kalean behera, harategiak musulmanez beteta zeuden, Mekara begira hiltzen dituzten arkumeen bila denak. Eta tabernak itxita. Kalean ere jende gutxi arrastiko lehen orduetan: ijito batzuk eta jonki asko. Taberna txiki-txiki bat baino ez dut aurkitu zabalik. Beltz bat hizketan ari zitzaion tabernariari, eta beste denak, palentziar bat, planta eskaseko atso bat eta aljeriar bi, entzuten. Ugazabandreak kontatu du bere semeak entrenamendua zuela, eta beltzak erantzun dio ondo dagoela hori, gauza handia dela lana izatea. Ugazabandreak erantzun dio semea oso gaztea dela, eta futbola jolasa baino ez dela berarentzat. “Ez galdu esperantza”, esan dio beltzak: “ikusi noraino heldu diren Ronaldinho eta EtoŽo”. Andreak barreka erantzun du, baina beltza serio zebilen: “Imajinatu zeure burua Skip-en iragarkia egiten, Ronaldinhoren amaren antzera”. Irribarreak. “Behingoagatik esan ahal izango nuke famatu bat ezagutzen dudala”, ondorioztatu du beltzak, oso serio, amets betean.

etiketak: Bertan Bilbo
Patxi
Patxi dio:
2006/02/09 11:50

Duela gutxi, Morú nere lagun euskaldunberria (200 hitzeko euskaldunberria) ikusi nuen, beste senegaldar batekin hizketan. Keinu alaiak, oso alaiak, algarak, sekulako bizipoza zutela antzeman nien.

Bizimodu kaxkarra dute. Egun osoa lanean, xox gutxi batzuk irabazteko. Etorkizun lainotsua. Baina badakite pribilejiatu hutsak direla. Senegalen mixeria dutela. Inola ere ez ospitale bat hamar kilometrora. Inola ere ez inoren hondarrak, gosea kentzeko, edozein kale bazterrean.

Badakite nundik datozen, zortedun sentitzen dira asko.

Geu berriz, oparotasunean, aberats, baina bizipoz faltan, asko.

asier
asier dio:
2006/02/09 18:44

Horrelaxe da , bai, premiak eta beharrak motibatu egiten du jendea. Ez dut esango premiatsuak hobeto bizi direnik, baina badute akuilu bat euren izakeran eragtiten diena. Konparatu bestela hemengo ume eta gazteak Marokoko ume eta gazteekin, adibidez.

Dena izaten ohituta gauden gizartean, bizipozik ez izatea da beste txirotasun mota bat.

asier
asier dio:
2006/02/09 18:52

A, portzierto, beti-betiko begetarianoa naiz eta elikadura mota hau ez da oparotasunaren ikur egokiena. Garibolo ez da aurreko txinarra edo hindua baino askoz karuagoa, Bilboko begeta karuena izan arren...

Hori bai, jendemodu azalargiagoa ikusten da bertan.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.