Teknologia albisteak

DART zundak asteroide bat jo du hura desbideratzeko asmoz

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-09-27 : 08:29

Bart gauez DART zundak Dimorphos asteroidea jo du espazioan. Hegaldia eta inpaktua espero bezalakoak izan dira, eta asteroidearen gertuko irudi argiak bidali ditu DARTek suntsituta geratu aurretik. Misioaren egitekoa benetan bete den ikusteko, ordea, egun batzuk itxaron beharko dira, helburu hori izan baita zunda batek asteroide baten orbita desbideratu dezakeela demostratzea.

Dart hitza dardoa da ingelesez, baina DART sigla da kasu honetan: Double Asteroid Redirection Test, asteroide desbideraketa bikoitzaren testa. Asteroide bikoitza, izan ere Dimorphos eta Didymos asteroide bikotea izan baitira helburua. Dimorphos txikiagoa da, eta elkarrekin orbitan dabil Didymosekin. NASAKO zientzialarien ustea edo helburua da Dimorphos talkarekin mugiturik, sistema bitar horren orbita aldatu dela baieztatzea. Denbora beharko da hori ikusteko.

Didymos asteroidea handia da Dimorphos bere bidelagunarekin alderatuta, baina berau ere ez da handia. Konparatiba honek erakusten ditu neurriak, tartean DART zundarena, 19 metroko sastakai moduko bat.

Beste alderaketa bat ere zabaldu du NASAk, Dimorphos Erromako Koliseoarekin alderatuta.

Bart gaueko hurbilpena eta talka espero bezala gertatu da, ia urtebeteko bidaiaren ondoren (haurtiketa 2021eko azaroan gertatu zen). DART zundatik parte bat banatu da talkaren aurretik, LiciaCube izenekoa. Hau ez da suntsitu talkan, eta bi asteroideetatik gertu geratu da. Astebete barru aski datu bilduko ditu LiciaCubek, espero denez, desbideraketarik gertatu den jakiteko.

DART zundak irudiak bidali dute gaur goizaldean talka egin aurretik. Azken irudiak erakusten duenez, harriz betetako harri handi bat da Dimorphos.

 

Erantzun

Sartu