Teknologia albisteak

Egunean Behin zuzeneko finala berriz areto batean, martxoaren 31n

Erabiltzailearen aurpegia
2023-03-21 : 17:32

Irudian erakusten duguna laster errepikatuko da: Kike Amonarriz showmanak aurkeztutako Egunean Behin aretoko in-situ finala izango da martxoaren 31n, 18.00etan, Donostiako Miramongo Parke Teknologikoan. Martxan den jokoaren 11. denboraldiko eguneroko partidak igande honetan amaituko dira, baina denboraldiko irabazleak final horretan erabakiko dira. Denboraldian sailkatzen diren lehen 100 jokalariek tokia izango dute, baina hutsuneak betetzeko izen-emate orokorra ireki dugu, itxaron-zerrenda bat osatzeko.

Jokoaren 11. denboraldia abiatzean iragarri genuen bezala, jokoa martxoaren 26an amaitu arren, lehia hurrengo asteburu arte luzatuko da, denboraldiko irabazleak zuzeneko final batean erabakiko baitira. Martxoaren 31n, ostiral arratsaldez 18.00etatik aurrera Donostiako Miramongo Parke Teknologikoan, Guuk-ek  babestutako final hori egingo da, SPRI erakundearen eta Euskadiko Parke Teknologikoen Sarearen laguntzarekin.

Finalean egoteko eskubidea irabaziko dute jokoko asteen ondoren lehen EHUN postuetan geratzen zareteb jokalariek. Adi, ordea, izena eman beharko duzue, kontsultatu agenda eta etorriko zaretela baieztatu izen-ematearen bidez. Aste honetan bazaude 100 lehenen artean, ondo, eman izena. Orain doi-doi egonagatik datorren astean jaisten bazara pixkat sailkapenean, ez da arazorik. Orain lehen 100 horien artean ez bazaude, baina igandearen ondoren sartzen bazara, zeu ere ongi etorria izango zara.

Sailkatuen artean hutsuneren bat gerta daitekeenez, eta espazio gehiago ere badagoenez, finalean egoteko interesa duzuenek ere eman dezakezue izena, eta itxaron zerrendara gehituko zaituztegu: eskaerei erantzungo diegu gero sailkatuen eserlekuak zenbatu ondoren.

Lehen sailkatuek, eta gainerakoek berdin, mesedez eman izena hemendik: https://labur.eus/finala31

2019ko abenduan egin genuen era honetako lehen final zabala, baina gero pandemiak eten zituen halako ikuskizun posibleak. Giro polita sortu zen argazkietan ikus daitekeen bezala, eta orain errepikatu nahi dugu (aperitifa eta mertxandisin apur bat guztientzat); eta 2019an bezala mahaietan banatuko zaituztegu. Laster arte!

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago