Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Seigarrenaren ikuspegia

Seigarrenaren ikuspegia

Amatiño 2016/05/06 09:00
Aurreko arratsaldean entzun nion gazte bati Euskadi Irratian, zein erraz sortu daitekeen enpresa bat Estatu Batuetan. Hogeita lau ordutan. Ezagutzen omen zuen bere inguruan kasua, lagunen batena, zeinek pare bat urtez negozio txiki bat abian jarri zuen, gero, irabaziekin, Masterra ordaindu ahal izateko. Honelakorik ez da, gero, batere ohikoa gure artean.

Estatu Batuetan %5 da langabezia eta Euskal Autonomia Erkidegoan, %12,8 (Eibarren, %15,9). Maiatzaren bateko aldarriei jaramonik egingo badiegu,  lanik ezaren errudunik handienak Eusko Jaurlaritza eta Confebask omen dira. Daitekeena. Hala ere, ezertan hasi aurretik, gogoratu dezagun 2007 urtean %5,73 izan zela langabezia EAEan eta 1997an, berriz, %19,1. Horretara, oraingo erakundeak eta enpresariak duela hogei urtekoak baino hobeak eta orain dela hamar urtekoak baino txarragoak ote? Egungo egoera eskasaren errudunak 2007ko egokiera onaren merezidunak izan al ziren? Zergatik ez zien inork eskertu? Inork pentsatzen al du, benetan, Jaurlaritzak eta enpresariek nahiago dutela egungo egoera 2007koa baino?

Hainbati entzunez gero badirudi bizi dugun krisiaren konponbidea enpresarien eta langileen arteko konfrontaziotik etorriko dela. Benetan inork uste al du merkatuak, bezeroek alegia --hau da, zuk eta biok erosterakoan--,  konfrontaziozko produktuaren aukera egingo dutela edo dugula? Inork uste al du gurean inbertsiorik duten nazioarteko interesak (Alemaniako enpresak eta sindikatuak, esaterako) hemengo konfrontazio-estrategiari amore emateko gertu daudela?

Bestalde, balirudike euskal enpresarik gehienak handiak direla. Baina, datua datu, EAEn behintzat, %1,3 baizik ez dira 50 langile baino gehiago dituzten enpresak eta, batez beste, euskal enpresa bakoitzak 5,3 langile besterik ez ditu.

Bost langile enpresako, hutsaren hurrengo irudituko zaio hainbati, eta bost horietako bakoitzak ez du inondik ere pentsatuko bost lagun asko direnik. Baina buelta eman diezaiogun, behingoz, eta jarri gaitezen seigarrenaren azalean, gainerako bostei lana ematen dienaren soinean edo buruan alegia.

Demagun, adibidez, zuk zeuk jarri beharko zenukeela enpresa bat. Hasteko, “txiki samarra”, bost langilekoa baino ez. Eta hiruzpalau galdera ezinbestekoak lirateke, esaterako: ze enpresa-mota jarriko zenuke? Bost langilerentzako lain moldatzen asmatuko al zenuke? Inoiz pentsatu al duzu zer den hilaren azkenean, zureaz gain, bost nomina ordaintzeko besteko diru-kopurua fakturatu behar izatea? Zaila ezta? Eta norberarentzat zaila baldin bada, zergatik izan behar du inorentzat horren erraza?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: