Skip to main content

[IRITZIA] Maule-Oiartzualdea egitasmoan

2014ko urriaren 31n Gipuzkoako HItzan argitaratutako artikulua

Elkarrekin zer egin dezakegun mintzagai hartuta bildu ginen hainbat lagun Oiartzungo Areto Nagusian, Zazpiak Bat harreman sarearen gonbidapenari erantzunez. Gezurra badirudi ere, hitzetik hortzera darabilgun "herri" kontzeptuaren segidan oraindik ez da "lankidetza" kontzeptua agertu. Inoiz esan behar izan dugun bezala, Shanghai hurbilago dago edozein euskal herrialde baino.

Baina zertarako lan egin elkarrekin? Herri berekoak garelako? Ez da dudarik hori aski arrazoi izan dela hainbat egitasmotan, baina onartu behar genuke ez dela nahikoa. Euskal Herriaren mutur desberdinetako eragileek elkarrekin lan egingo badute, interesak konpartitzen dituztelako izango da, eta interes horiek zenbat eta materialagoak izan, orduan eta sendoagoa lankidetza.

Interesa da gakoa, beraz. Norberaren interesa, interes materiala, gutxietsitako hitza: inoiz aitortzen ez den eragilea, interesa. Baina, beharbada, interesak zein diren ezagutu eta interes komunak asetzeko bidea eskaintzean dago, inon egotekotan, Euskal Herrian "herri" izaerako proiektu bat gorpuzteko modu bakarra. Kulturak, hizkuntzak eta ahaidetasunak erabateko laguntza emango digute, baina interesak jarriko du pizgarria. Interesik badugu, lotzen gaituen zerbait eraikiko dugu, bestela ez.

Ba ote, ordea, interesik zuberoarrentzat Oarsoaldean edo Hegoaldean? Ba ote Hegoaldekoontzat interesekorik Zuberoan? Gordin galdetutakoak erantzun gordina behar du: bai, interes kidetasun handiak ditugu. Gero eta handiagoak, ikusi nahi dituenarentzat.

Oraindik gogoan dut Maulen gazte tolosarrak enplegatu zituen enpresariaren azalpena: ongi formatuak eta euskaldunak nahi zituen, euskaldunekin lan egiteko eta Hegoaldeko bezero zein hornitzaileekin lanean jarduteko. Oiartzungo saioak bide bera hartu zuen. Hegoaldeko industriak Zuberoakoari hornidura eta bezeroak eskaintzen dizkio; are, Okzitaniako Tolosaren inguruan gorpuztutako industria aeronautikoaren pattalaldiak Hegoaldeko partzuerrak inoiz baino interesgarriago egiten ditu oraintxe. Are gehiago, Frantziak ezartzen dion bazterketa dela medio, Hegoaldean dago Mauleko industriaren erreferentziazko eremua. Baina Hegoaldetik gauza bera esan genezake. Maule Biarnoko atean egonik, gaitasun industriala izanda, merkatu frankofonoari begira dagoela kontuan hartuz, bada interesik Maule ezagutzeko Gipuzkoako eskola eta enpresentzat. Donostiako Merkataritza Ganberaren azken egitasmoak lekuko.

Maule, irakurlea ohartuko zenez, Nafarroa Beherea edo Lapurdi ez bezala, izaera industrial nabarmeneko eremua da. Industriala bakarrik ez, ordea; laborantzak ere indar berezia du, harik eta bertako enpleguen laurdena izateraino. Zuberoako laborantza mozkinen merkaturatzeak lurralde hori errotik dinamizatzen du, laborantza iraunkorraren aldeko organizazioek adierazten diguten moduan. Hegoaldean kontsumitzen ditugun elikagaiak "kanpoan" ekoitziak dira neurri handi batean. Hori kontuan izanda, ulertzekoa da Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako laborariek diotena, Hegoaldean euren mozkinen kontsumitzaileak badirela eta beren produktuen ezagupena sustatu behar dela.

Esandakoarekin, beraz, horra lankidetzarako bi zelai ezin zabalagoak. Oarsoaldea Garapen Agentziako ordezkariek bide horretan enpresen arteko lankidetza sustatzen ari zirela adierazi ziguten, eta Haurtzaro ikastolak lankidetza hitzarmena sinatu duela Basabürüko ikastolekin (Alozekoa eta Sohütakoa). Hitzetatik lankidetzara, beraz.

Baina itsasoan urak handi direla ongi dakigu euskaldunok. Borondatea baino handiagoak izan daitezkeela eragozpenak. Iritsi garen lekuraino iritsita, interes komunak eta elkarren beharra izan dezakegula ikusteraino, nago, ezinbesteko tresna baten beharrean gaudela, Zuberoa-Gipuzkoa lankidetza agentzia baten beharrean. Aukerak eta interesatuak topatu, informazioa eta formakuntza eskaini eta lankidetzari oinarri bideragarria ematen lagunduko duena. Gai izango ote gara bizi dugunari konpromiso zehatza eta lan tresnak emateko? Badira europar laguntzak, badira formula juridikoak… Orain Zuberoako herri elkargoak eta Oarsoaldeak lankidetza hitzarmena sinatzea falta da, bulego bateratu bat osatzea, Mauleko auzapez Etxebest jaunak eta Errenteriako Mendoza jaunak elkarri hitza hartzea eta aurrera, euskal sarea etenda dagoen lekuan ehuntzera.

Baina, urak handi direnez, horrekin batera, Hegoaldean, noiz ekingo diogu gure senideen kultura sakonago ezagutzeari? Esan gabe doa Hegoaldeko hezkuntzak eta kulturak gabezia larria dutela Bidasoaz beste aldean nagusi den hizkuntza, administrazio eta kultura sozialarekiko. Gaztetatik gureganatzeko programa zehatzak beharko ditugu, esandakoa gauzatzeko asmorik badugu.

Horra hor erronka. Esandakoa, hitzetatik lankidetzetara.