Keinu unibertsalak

Rosa Mondragon/

Ez dago gure ahozko azalpena aberastuko duen ekintza hobeagorik, keinuen bitartez lortzen baitugu hitzak sendotzea eta aberastea. Berbaldiari bizkortasuna ematea, tirabirak lasaitzea, eta garrantzitsuena, emozioak adieraztea lortzen dugu keinuen bitartez.

Albert Mehrabian ikertzaileak adierazten duenari jarraiki, aurrez aurreko elkarrizketa batean %35a adierazten da hitzezko komunikazioaren bitartez eta beste %65 hitzezkoa ez den komunikazioarekin. Beraz, ondorioztatu daiteke nahi gabe egiten ditugun hainbat eta hainbat keinuk, uste duguna baino gehiago adierazten dutela: burua mugitu zerbait baieztatu edo ezeztatzeko, bekokia zimurtu, sorbalda jaso, hortzak erakutsi, besoak gurutzatu, …

Normalean erabiltzen ditugun keinu eta mugimenduak, baldintzatuta daude bizi ditugun ñabardura kultural edota familia giroagatik. Horiek guztiak eragiten dute gure gorputzak duen berba egiteko moduan.

Edozein proposamen hobeto aurkezten denez aurrez aurre, ikus dezagun nola jokatu behar dugun gure solaskidearekin:

  • Distantzia egokiena. Distantziaren gaia ezinbestekoa da beste pertsona batekin dugun kontaktua edo berbaldia hasi eta mantentzeko. Horrela kalkulatzen da izan behar dugun distantzia egokiena: zona intimoa 50 cm artekoa da eta hor kokatzen dira gure familia, lagun minak, eta abar. Zona pertsonala 125 cm artekoa da, eta hau erabiltzen dugu bileretan eta laneko harremanetan, adibidez. Eta zona soziala 2-3 metro artekoa da, hau da, postariarekin edo kaleko jendearekin gordetzen dugun distantzia.
  • Eskuekin mintzo. Lehendabiziko bostekoa beste ekintza batzuekin lotuta joan daiteke eta garrantzitsua da akzio hauek neurtzea. Izan ere, sorbalda edo bizkarrean zaplada bat ematea lagun edo konfiantza kasuetan bakarrik egin behar da. Elkarrizketan eskuak nola mantentzen ditugun ere funtsezkoa izan daiteke. Esate baterako, esku barruak gora edo behera mantentzea zintzotasuna eta prestutasuna adierazten dute. Eta, aldiz, esku barruak beherantz mantentzea jarrera dominantea edota zintzotasun gutxi erakusten dute. Horrez gain, besoak gurutzatzea (edo bernak) oposizioa, beldurra eta larritasuna agertzen dute, nahiz eta sarritan keinu edo postura hauek erosoago sentitzeko besterik ez diren erabiltzen.
  • Aurpegia arimaren ispilu. Esaera zaharrak horixe dio eta izan ere, gure begiradak edo bestelako keinuek uste duguna baino gehiago adierazten dute. Adibidez, begiak oso irekita mantentzea harridura, mirespena erakusten dute eta, aldiz, oso itxita mantentzeak seriotasuna eta gaitzespena. Oro har, hitz egiteko orduan begietara begiratzen duenak konfiantza gehiago transmititzen du bestearen begiak saihesten duenak baino. Batzuetan, igartzen dugu nola berbetan dagoena imitatuz keinu berberak egiten ditugula, nahi gabe. Horrek adierazten du berdintsu pentsatzen dugula, eta bat gatozela berarekin.
  • Beste keinu batzuk. Nork ez du tik edo maniarik? Konturatu gabe egiten ditugu: kliskatu, keinu egin, imintzio, betaurrekoekin jolastu, kokotsa ukitu, … Gehienek ez dute zentzu berezirik eta datozen bezala desagertzen dira. Dena den, badira batzuk esanahia dutenak, besteak beste hauek: azazkalak jan edota kriskitin egiteak seguritate falta edo urduritasuna adierazten dute. Kokotsa eskuaren gainean jarriz gero aspertuta dagoela erakusten du, baina, eskua masailean jarrita interesa erakusten da. Burua igurtziz gero haserrea adierazten da eta beste batzuetan ahanztura.

Egia esan, keinu eta hauen interpretazioak ez du bukaerarik. Edozein kasutan, keinuak askotarikoak dira, pertsonak eta egoerak beste. Hala ere, keinuen komunikazioaren interpretazioak lagunduko digu solaskidea hobeto ulertzen, hobeto konprenitzen eta berarekin bat egiten.