Markel Olano: “Ezker Abertzaleak erakutsi du enpresatik oso urrun dagoela eta ez dela gai izan Gipuzkoako ekonomia kudeatzeko”

EAJ-PNVren diputatu nagusigaiak honakoa azpimarratu du: “Enpresek gizartean funtzio garrantzitsua dute eta hori da, hain zuzen ere, herritarren aurrean babestu behar duguna”

Markel Olano: “Ezker Abertzaleak erakutsi du enpresatik oso urrun dagoela eta ez dela gai izan Gipuzkoako ekonomia kudeatzeko” 24Urtarrilak
2015
2015 UrtarrilaK 24 |
Gipuzkoa

PARTEKATU

Gipuzkoako EAJ-PNVk lan-jardunaldia egin du gaur goizean Bergaran. Bertan, parte hartu dute, Gipuzkoako diputatu nagusigai Markel Olanok, Eider Mendoza eta Imanol Lasa Batzar Nagusietarako hautagaiek, eta Bergarako (Juan Jesus Alberdi), Arrasateko (Maria Ubarretxena), Oñatiko (Miren Elgarresta), Aretxabaletako (Unai Elkoro) eta Eskoriatzako (Joxe Ramon Zubizarreta) zerrendaburuek. Lan-jardunaldian hausnartu dute Gipuzkoako eta, bereziki, Debagoiena eskualdeko ekonomiaren egoera.

Jardunaldiari hasiera emateko, Lazpiur enpresako buru Miguel Lazpiurrek Debagoienako ekonomiaren hausnarketa egin du. Lazpiurrek honakoa azpimarratu du: "Eskualdeko industria oso garrantzitsua da, izan ere, gainerako sektoreei eragiten die. Hori dela eta, gizarte politikarik onena da industria martxan jartzea. Era berean, benetan faltan botatzen duguna da, arlo publiko eta pribatuaren arteko elkarlanean oinarritutako industria politika. Gainera, enpresak nazioartera ateratzeko laguntzak falta dira eta, horiek, oso garrantzitsuak dira krisiari aurre egiteko, betiere, enpresa gizon-emakumeei babesa ahaztu gabe". Lazpiurren iritziz, Debagoienan enpresak ahal dutena egiten ari dira eta ez dute ia erakundeen babesik.

Behin Miguel Lazpiurren hausnarketa amaituta, Bergarako, Arrasateko, Oñatiko, Aretxabaletako eta Eskoriatzako hautagaiek hitz egin dute eta herrien egoera azaldu dute. Hautagai jeltzaleek esan dute, egoera oso larria dela, izan ere, eskualdean sortutako eta garatutako hainbat enpresa itxi dira, hain zuzen ere, erreferente izan diren hainbat enpresa. Era berean, hautagaiek segidakoa adierazi dute: "Industria da eskualdearen ardatza. Beraz, ezinbestekoa da industria bultzatzea eta, horretarako, arlo publiko eta pribatuaren arteko elkarlana ezinbestekoa da ideia berriak sortzeko eta garatzeko".

Lan-jardunaldia amaitzeko, Gipuzkoako EAJ-PNVren diputatu nagusigai Markel Olanoak honakoa azpimarratu du: "Gipuzkoa lurralde industriala da eta Debagoiena da erreferente. Gainera, enpresek gizartean funtzio garrantzitsua dute eta hori da, hain zuzen ere, herritarren aurrean babestu behar duguna. Izan ere, enpresek Gipuzkoako enpleguaren %85 sortzen dute eta, beraz, enpresek aberastasuna sortzen dute Gipuzkoan, hain zuzen ere, ondoren ahalik eta modu orekatuenean banatu behar den aberastasuna".

Horren harira, Olanok segidakoa esan du: "Baldin eta enpresak erortzen badira, gizartea ere eroriko da. Baldin eta Debagoienako industriaren egoera txarra bada, Gipuzkoako gainerako eskualdeen industriaren egoera txarra izango da. Eta hori ez gertatzeko, ezinbestekoa da estrategia bat izatea, hain zuzen ere, elkarlanean eta konfiantzan oinarritutako estrategia. Baina aitzitik, ezker abertzaleak aurreiritzi ideologiko handiak ditu eta, ondorioz, enpresekin  ez du ia harremanik, eta hori, oso larria da".

Era berean, EAJ-PNVren diputatu nagusigaiaren ustez, enpresekin harremana sendotu behar da eta Gipuzkoako ekonomia- eta gizarte-eragileekin (zentro teknologikoak, lanbide heziketa, unbertsitateak etabar) elkarlanean aritu behar dugu industria-jarduera, enpresa berriak eta enplegua sortzeko. Horrenbestez, Markel Olanok azpimarratu du, EAJ-PNVk elkalana sustatuko duela eta ez liskarra, eta segidakoa salatu du: "Ezker abertzaleak erakutsi du enpresatik oso urrun dagoela eta ez dela gai izan Gipuzkoako ekonomia kudeatzeko".

Azkenik, hona hemen Olanoren hitzak: "Gipuzkoan bi eredu daude, eta EAJ-PNVren eredua da gipuzkoarron benetako izaera babesten duena. Hori da babestuko dugun eta etorkizunean bultzatuko dugun eredua Gipuzkoan".

Audioa: Markel Olano

Interesatu Zaitez